Baionako bestak

Karrikez berriz jabetzekotan

Azken urteetako gisan, elkarte feministek eraso sexisten aurkako protokoloak prestatu dituzte Baionako bestetarako. Mainako laguntzaileek bestazaleengana joko dute.

Maina, prebentzio eta harrera guneko karpa, Baionako unibertsitatearen ondoan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Besta bai, borroka ere bai». Besta eredu hori aldarrikatzen dute Ipar Euskal Herriko hainbat mugimendu alternatibo eta feministak. Baionako bestetan hamaika lekutako jendea biltzen da urtero, zuri-gorriz, bost egunez bestan murgiltzera. Baina Aitzinako mugimendu feministak argi du: bestak izan arren, dena ez da balekoa. «Testuingurua desberdina izanik ere, urteko bertze 360 egunetan gertatzen diren zapalkuntzak errepikatu baizik ez dira egiten. Hori bera gertatzen da, bertzeak bertze, eraso sexistekin».

Eraso sexisten aurkako borrokan ari dira hainbat eragile; tartean, PAF alternatiba feminista baten aldeko mugimendua. Aurten hirugarren aldiz martxan jarri da protokoloa: Baionako berrogei bat ostatuk hartu dute parte, eta «zinez positiboa» iruditzen zaio Lola Garcia PAFeko kideari. Protokoloan parte hartuz gero, hainbat afixa jartzen dira ostatuan, eta eraso baten biktima ala lekukoak bideratzeko engaiatzen dira partaideak. Sandrine Dulong Les Pyrenees Xina ostatuan ari da lanean, eta «baitezpadakoa» ikusten du protokoloaren parte izatea, «erasoa jasanikoak laguntzeko eta jendeak kontzientzia hartzeko».

Prebentzio taldeak

Baiona Ttipiko zein Handiko paretak betetzen ari dira Eraso sexistarik ez eta Zure eskua nire ipurdian, nire ukabila zure aurpegian gisako leloekin. Unibertsitate ondoan, karpa bat jarri dte: «Maina: eraso sexistei buruzko informazioa», irakur daiteke horren gainaldean. Hainbat instituziok, herriko etxearen babespean, ireki duten proiektua da Maina: hirugarren urtea du aurten.

Andree Diarte Atherbea egitura sozialeko langilea da: bortizkeria jasaten duten emakume biktimekin ari da lanean, eta Maina proiektua kudeatzen du: «Hasieran, gure helburua besta garaian biktimei babesa eskaintzea zen, eta beharren arabera bideratzea, baina lan oso zaila da, eta, ditugun baliabideekin, prebentzioari eman diogu lehentasuna». Binakako taldetan ikus daitezke Mainako laguntzaileak Baionako karriketan bestazaleekin hizketan. Euren lana eraso sexistak zer diren azaltzea da, baita erantzuteko gako batzuk ematea ere. «Oro har, bestazaleek harrera ona egiten digute; kontaktu zailena belaunaldi zaharrekin gertatzen da», azaldu du Valerie Minet Mainako laguntzaileak.

Herriko etxeak ere prebentzio kanpaina egin du, baina «mugak ditu», Lola Garciaren ustez: adibidez, «erasotzailea munstro buru batekin irudikatzea». Aitzinako mugimendu feministaren arabera, «bortizkeria ustezko umorearekin, alkoholarekin eta bestarekin nahasten delarik» erasoa jasanikoarekiko atxikimendua eta erasotzailearekiko mespretxua ez dira beti «hain argiak» eta «irmoak» izaten: «Are gutiago, erasotzailea laguna, lankidea edo bizilaguna dugularik. Haatik, ostatuan dantzan ari garelarik ebatsi musua edo goizeko lauretako txiste matxistak ere erasoak dira. Eta ez da horiek justifikatuko dituen besta girorik».

Galtza motzak nahi, eta ezin

Baiona Ttipiko ostatuetan giroa berotzen hasia da arratsaldean. Izugarrizko beroari aurre egiteko, neska talde bat garagardoa eskutan dago, galtza luzeak soinean. Margot Dubreze bestazaleak aitortu du «beldur» dela galtza motzak edo gonak janzteko Baionako bestetan: «Ez naiz osoki seguru sentitzen, eta, nahiz eta galtza motzak jantzi nahi nituzkeen, ez naiz ausartzen».

Errealitatearen ispilua «zorrotza» da, Aitzinako kideen esanetan. Horregatik, «besta aske eta parekideak eraikitzeko» deia egin dute. Poteo feminista eginen dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.