Hitzez landatutako baratzea

Euskararen ginkanaren seigarren aldia antolatu du Ekoguneak. Bost astez, Internet bidez arituko dira lehian parte hartzaileak. 3.000 euro eskuratuko ditu talde irabazleak

Aurrez aurreko finalak beste herrietako jendea eta proiektuak ezagutzeko aukera ematen die parte hartzaileei. EKOGUNEA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herrian soilik aurki daitekeen produktua, garaikoa eta ekologikoa kontsumitzeko deia egin du Kutxa Ekoguneak. Euskara kontsumitzeko deia, hain zuzen. Eta, horretarako, Euskal Herriko euskararen ginkana antolatu dute seigarren urtez jarraian. Hizkuntza ekologia ardatz hartuta, ekologiaren begirada hizkuntzara ekartzea da beste behin antolatzaileen helburu nagusia.

Asteazkenean amaitu zen izena emateko epea, eta abian da euskaraz eta euskararekin dibertitzeko ginkanaren lehen fasea. Bost aste iraungo du fase horrek, eta, astero, proba bat egin beharko dute parte hartzaileek, eta planteatzen zaizkien erronkei erantzun beharko diete, denak ere sarean. Hasteko, hamar galderaz osatutako galdetegi bat osatu beharko dute. «Saiatzen gara proba motak nahasten; denak ez dira mota berekoak», azaldu du Kutxa Ekoguneko Itsaso Olaizolak.

Taldeak gutxienez lau pertsonak eta gehienez seik osatzen badituzte ere, kolektibo handiagoak ordezkatzen dituzte guztiek. Guraso elkarteak eskolen izenean, eta batxilergoko ikasleak gelako ordezkari gisa, esaterako. «16 urtetik gorako edozeinentzat da, eta taldeek ez dute egon behar euskalgintzara lotuta», azaldu du Olaizolak.

Are gehiago, ez da zertan euskararekiko lotura estua izan saria eskuratu ahal izateko. Olaizolak nabarmendu du aurreko aldietako irabazleen artean ere aniztasuna izan zela. «Euskararekin lotura estua duen Algortako Bertso Eskolak irabazi zuen behin, baina baita Lasarteko batukada taldeak eta eskoletan sexu heziketa ematen duen EMAIZ taldeak ere». Azken horiek, adibidez, sexu heziketako baliabideak sarean euskaraz gutxi daudela kontuan hartuta, bideo bat sortzeko erabili zuten saria.

Olaizolak azaldu duenez, haziz joan den proiektu bat izan da Euskal Herriko euskararen ginkanarena. Hasierako edizioa bakarka egin ondoren, antolatzaileek ikusi zuten«beste buelta bat» merezi zuela, eta interesgarria iruditu zitzaien taldeetan egin eta euskararen lurralde osoan zabaltzea. Hori aurrera eraman ahal izateko, Euskaltzaleen Topagunearen laguntza izan dute. Halaber, sumatu dute euskararekin lotura zuzena izan ez baina nolabaiteko kezka agertzen duten hainbat elkartetara gerturatu direla urte hauetan egitasmoaren bidez. «Euskarak duen zeharkakotasuna edozein proiektuk balia dezake», Olaizolaren hitzetan.

Lehen faseko probetan puntu gehien eskuratzen duten lau taldeak finalera pasatuko dira, eta han izango dute 3.000 euroko saria eskuratzeko aukera. Diru hori euskara sustatzeko proiektuetarako erabili beharko dute nahi eta nahi ez. «Izena ematen dutenean, taldeek bideo labur bat aurkezten dute saria irabaziz gero zer egingo luketen azalduz», argitu du Olaizolak. Batzuek nahiago izaten dute beren kolektiboko egitasmo propioak sustatzeko erabiltzea; beste batzuek, berriz, euskararekin loturiko ekintzak bultzatzen dituzte. «Aurten, esaterako, talde batek adierazi du irabaziz gero Korrikako kilometroa ordaintzeko erabiliko dutela dirua».

Joan den urteko edizioa, adibidez, Lizarrako Mintzamendipintxopote taldeak irabazi zuen. «Mintza taldeko lagun batzuek, tabernan poteoan ginela, erabaki genuen izena ematea», azaldu du Alfredo Durfur taldeko kideetako batek. Hiru aldiz parte hartu dute euskararen ginkanan, eta bitan sailkatu dira finalerako. Ekintzei dagokienez, galde-erantzunen ariketak erosoak izan arren, ez zitzaizkien guztiz motibagarriak egiten. «Gogoan dut ahalik eta hizkuntza gehien hitz egiten zuen jendea aurkitu behar izan genuela, euskaraz ere bazekiena, eta bideo batean grabatu». Proba horrek asko motibatu zuela aitortu du Durfurrek. Halaber, kalean eragiteari garrantzi handia ematen dio. «Asko gustatu zitzaidan gure herritarren ama hizkuntzen bilduma egitea ere». Duela urtebete, ezustean irabazi zuten 3.000 euroko saria. «Finalean bertan, nahiago nuen bigarren geratu irabazi baino», aitortu du Durfurrek. Pintxo-pote hartan erabaki zuten proiektuaz gogoratu zen, hain zuzen: Lizarran 48 orduz euskaraz aritzeko erronka onartu zuten. «Azkenerako, saria ia zama bihurtu zen: Lizarran horrelako zerbait antolatzea lan ikaragarria izan zen».

Martxoaren 9an izango da final handia, Donostiako Tabakaleran. Antolatzaileek ohartarazi dute probak ez direla konplikatuak izango, baina errazegiak ere ez dituztela jarriko. Aurreko aldietako giroa eta taldeen arteko lehia positiboa berriro izatea espero dute. Olaizolaren esanetan, «bidea egitea eta gozatzea da helburua,eta, saria lortuz gero, are hobeto».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.