Bidaia Erdi Arora

Erdi Aroko azoka egingo dute asteburuan Balmasedan, hogeigarrenez. Inkisizioari buruzko obra bat antzeztuko dute gaur 400 herritarrek

Ikuskizun ugari egingo dituzte konpainiek bi egunez Balmasedako Alde Zaharrean. BALMASEDAKO UDALA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Erdi Aroko hiribildu bihurtuko da gaur, Balmaseda (Bizkaia). Garai hartako itxura hartuko dute bi egunez herriko Alde Zaharreko txokoek, baita herritarrek ere. Hogeigarren aldiz egingo du Balmasedak Erdi Aroko azoka, eta egitarau oparoarekin izango du: besteak beste, Inkisizioari eta eskumikuei buruzko obra antzeztuko dute gaur 400 herritarrek. Postuak, ikuskizunak, haurrentzako jarduerak... denetik izango da.

Duela bi hamarkada hasi ziren Balmasedan Erdi Aroko azoka egiten. Herriaren 800. urteurrenaren harira jaio zen azoka, eta ezinbesteko bihurtu da jada. Antolatzaileek azaldu dutenez, herritarren parte hartzea da, besteak beste, arrakastaren giltza. Euskal Herriko eta atzerriko hamabost konpainia inguru arduratuko dira Erdi Aroko azoka kolorez eta ikuskizunez betetzeaz.

Hamaika ikuskizun izango dira egunotan Balmasedako azokan. Aipagarriena, akaso, XVII. mendeko Inkisizioa eta eskumikuak antzezlana. Jose Angel Ramon Zarrak zuzendu du obra, eta Balmasedako 400 herritarrek antzeztuko dute. Familia osoek parte hartuko dutela aurreratu du obraren zuzendariak. Inkisizioak 1600. urtean herrian eragin zuen beldurra gogoratuko dute, baita garai hartako eskumikuak ere. Erdi Aroko herriko bizitza ezagutu ahal izango dute, beraz, antzezlana ikustera doazenek. Gaur egingo dute, 12:00etan, San Severino plazan.

Erdi Aroko garrak

Goizetik hasiko dira ikuskizunak Balmasedan; 11:00etan ekingo diote, eta egitarau bete-betea izango dute iluntzera arte: azokako postuak, musika emanaldiak, antzezlanak, lanbideen tailerrak, akrobaziak, animalien txokoak... Haur eta gaztetxoentzako jarduerak ere izango dira Balmasedako kaleetan. Zazpi eremutan banatu dituzte ekintzak: San Severino plazan, Martin Mendia kalean, San Juan plazan, Pio Bermejillo kalean, San Severino txokoan, Korreria kalean eta Dorre kalean.

Erdi Aroko azokako ekintzak gauera arte luzatuko dira. Hain justu, suari lotutako ikuskizunen txanda izango da eguna iluntzean. Besteak beste, Companyia del Foc konpainiak berariaz sortutako ikuskizuna izango da gaur, 22:15ean, San Severino plazan. Halaber, kontzertuez ere gozatu ahalko dute balmasedarrek egunaren amaieran.

Ā«Herriko Alde Zaharra Erdi Arokoa da guztizĀ», azpimarratu du Alvaro Parro Balmasedako alkateak. Horren adibide dira, esaterako, Horcasitas jauregia, zubi zaharra edo San Juan del Moral eliza. Eraikin horiek ez ezik, Erdi Aroko kolore eta itxura hartuko dute asteburuan Alde Zaharreko plaza eta kaleek. Garai hartako oihal eta jantziek apainduko dute hogeigarrenez Balmaseda.

Erdi Aroko azoka

Gaur eta bihar, 11:00etan, Balmasedan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.