Asteburuko proposamenak

Memoriaren udaberria

Bonbardaketa aurretik herria nolakoa zen irudikatuko dute Gernikan. Bakearen Museoa Fundazioak antolatu du, 20. urteurrenean

Bonbardaketa irudikatzeko, Gernika sutan antzezlana egiten dute bi urtean behin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Gernika udaberri haretan irudikatze historikoa egingo dute bihar Gernika-Lumon (Bizkaia). Bonbardaketa aurretik herriko bizimodua nolakoa zen erakutsi nahi du egitasmoak; 11:30ean hasiko da.

Gernikako Bakearen Museoak hogei urte bete ditu aurten. Urteurrena ospatzeko prestatu du ekintza berezi hori Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak. 1937ko apirilaren 8an Gernika nolakoa zen irudikatuko du sorberritzeak, Iratxe Momoitio Astorika fundazioko zuzendariak azaldu duenez: «Argi geneukan ez genuela betiko birsortze bat egin nahi; atzeragoardian eguneroko bizitza nolakoa zen islatu nahi dugu».

Foru plazan egingo dute sorberritzea. 11:30etik 15:00etara eta 16:00etatik 18:30era ikusi ahal izango da. Garai hartako bizitza irudikatuko duten hainbat gune egongo dira: ospitalea, Polizia postua, giza asistentzia, babeslekua eta taberna. «Esaterako, ospitalean, orduko tresnak, erizainak, medikuak, gaixoak... egongo dira», azaldu du Momoitiok.

Bisita gidatuak ere egingo dituzte gune horietara, garai hartako Gernikako egoera azaltzeko. «Guneetan isilik dauden pertsonaiek bizia hartuko dute batzuetan, eta hitz egiten hasiko dira», adierazi du Momoitiok. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira bisitak; euskarazkoak 13:00etan eta 17:30ean egingo dituzte. Guneetako bisitez gain, garai hartan babeslekuak izan ziren lekuetara ere egingo ditu bisita gidatuak Gernikazarra taldeak. 13:30ean eta 18:00etan izango dira euskarazkoak.

Herriaren memoria

Gaian adituak diren Burdin Hesia, Frentes de Euzkadi, Lubakikoak eta Gernikazarra taldeak izan ditu bidelagun fundazioak. Eurek utzitako materiala erabiliko dute birsortzeetan. Haietako kideek ere parte hartuko dute antzezle moduan.

Momoitiok azaldu duenez, 60 lagun ariko dira garai hartako herritarrak antzezten, eta erdiak izango dira gernikarrak. «Guk deialdia zabaldu dugu herrian, nahi zuenak izena eman zezan».

20. urteurrena ospatzeko antolatu duten ekintzetako bat da Gernika udaberri haretan. Urteurrena publiko orokorrarengana iristeko baliatu nahi dutela azaldu du Momoitiok. Haatik, gaur eta bihar museoa zabalik egongo da egun osoan, eta dohain izango da sarrera. Atzo eta herenegun, berriz, memoriari buruzko ikastaroa egin zuten museoan.

1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Kondor Legioko hegazkinek Gernika. Astelehena zen, azoka eguna. Gernika sutan eta Gernika garretan herritarren antzezlanek irudikatzen dute bonbardaketa hura bi urtean behin. Sorberritzeak, berriz, bonbardaketaren aurreko bizitza gogoratuko du, erasoa egin zutela 81 urte bete baino hemezortzi egun lehenago.

Birsortze historikoa



Bihar, 11:30ean hasita, Gernika-Lumon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.