Joareen hotsari segika

Ehun joaldun inguru bilduko dira gaur, Mutiloan, Joaldunen Festan. Joaldunen kalejira, dantzariak, bazkaria eta kontzertuak izango dira

Iturengo joaldunak, herriko inauterietan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
2016ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Bina joare gerrian zintzilik, soinua ateraz ibili ohi dira joaldunak batera eta bestera. Inauteriak dira haien eremu naturala, eta Ituren eta Zubieta (Nafarroa) artean dute jatorria. Neguari agur esan eta udaberriari ongietorria ematen diote, izatez. Egun, ordea, Euskal Herri osora zabaldu dira, eta urteko edozein garaitan dago haiek paseoan ikusteko aukera, koloretako txapelak soinean dituztela, joareak astinduz. Modu horretan, lurraldeko tradizio bilakatu dira, eta, hori ospatzeko, Euskal Herriko Joaldunen Festa egingo dute gaur, Aranguren ibarrean, Mutiloan (Nafarroa), egun osoan.

2002an antolatu zuten lehen aldiz jaia, euskal kultura pertsonaia jakin baten bitartez goratu nahian. Iruñeko Txantrea auzoan izan zen lehen aldi hura, eta, ordutik, hainbat lekutan egin dute: Nafarroako Irunberri, Atarrabia, Lizarra eta Berriozar herrietan; Araban, berriz, Laudion eta Gasteizen... Gaur, 15. aldiz egingo dute, Arangurengo Joaldunek antolatuta.

2014ko azaroan Irulegi euskara taldeak eman zituen ikastaro batzuetatik sortu zen Arangurengo Joaldunak taldea, bizilagunen ekimenez. Egun, ibarreko Mutiloa, Labio eta Aranguren herrietako joaldunek osatzen dute.

Euskal Herri osoko jendeak parte hartuko du goizeko kalejiran: Bizkaitik, Nafarroako Erriberatik, Arabatik, Gipuzkoako kostaldetik eta Iparraldetik-eta joango dira joaldunak Mutiloara. Kolorez betetako emanaldia izango da, eta, oro har, ehun joaldun inguruk parte hartuko dute. 11:00etan hasiko da desfilea, eta kalez kale ibiliko dira. Euskal Herri guztiko joaldunak ezagutzeko aukera ematea da xedea.

Bi zutabetan antolatuko dira partaideak, haietako bakoitzean50 lagun jarrita. Baina herriko alde zaharrean sartzean, zutabe bakar batean elkartuko dira guztiak. Kalejira gaitero eta trikitilariek girotuko dute, eta, haren amaieran, Arangurengo dantzarien emanaldia izango da. Adin ezberdinetako hiru taldek parte hartuko dute: gazteenek Iribasko ingurutxoa dantzatuko dute; zaharragoek, arin-arina, eta helduenek, Baxenabarre dantza.

Bazkaria eta musika

Horren ostean, herri bazkaria izango da. 13:00etan hasiko da, eta, hara joan nahi izanez gero, txartelak erosi behar dira Multivera tabernan, 12 euroren truke. Entsaladak, mokaduak, eltzekariak, postrea, kafea eta kopa sartzen dira menuan.

Arratsaldean, musikaren txanda izango da. Urko Milagro kantautoreak saio bat egingo du 16:30ean. 18:00etatik aurrera, berriz, beste lau kontzertu izango dira, estilo askotakoak: Gerok, Lur-J, Skarmentu eta RPVko Iosu eta Satelite.

Gainera, txosna zabalik egongo da egun osoan.

Euskal Herriko Joaldunen Festa

Gaur, egun osoan, Mutiloan(Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.