Historiaurrean bezala

Historiaurrean nola bizi ziren oroitzeko, Ekainfest jaia egingo dute bihar Zestoan. Aurten, lehen aldiz, gazteen olinpiadak antolatu dituzte

Iaz Ekainfest egunean hartutako irudi bat, Zestoan. ENERITZ ALBIZU LIZASO / UROLA KOSTAKO HITZA.
Ihintza Elustondo
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Historiaurrera itzuliko da bihar Zestoa (Gipuzkoa). Zazpigarren aldiz, Ekainfest egingo dute, egun osoan. Duela 14.000 urte, Ekaingo haitzuloan zaldiak marraztu zituen gizakiak, eta ezagunak dira artelan horiek herrian zein Euskal Herri osoan. 2008an, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen Ekaingo koba. Horregatik, arbaso horiek omenduko dituzte bihar, jai giroan. Egitarau oparoa prestatu dute, haurrentzako zein helduentzako jarduerekin, eta, denen artean, historiaurreko bizimodua irudikatuko dute.

Olinpiadak dira eguneko jarduera nagusia. Hirugarren aldiz egingo dituzte Historiaurreko Olinpiadak, 11:00etan hasita. Zestoako zein Euskal Herriko kuadrillek parte har dezakete; partaideek 16 urtetik gora izatea da arau bakarra. Historiaurreko bizimoduarekin lotura estua duten kirol probak egin beharko dituzte, lau eta sei kideko taldeetan. Izen ematea doakoa da, eta sari ugari izango dira partaideentzat. Irekiera ekitaldirako Hiru Probak ikuskizuna prestatu du Zestoako Interpretazio Eskolak.

Plan lasaiagorik ere izango da goizean. 11:00etatik 14:00etara, Sastarrain ibarrean paseoan ibiltzeko aukera egongo da, pottoka eta zaldien gainean. Hala, parte hartzaileek historiaurreko gizakiek hain ondo ezagutu zuten ingurua zeharkatuko dute.

13:00etan, berriz, herri bazkaria egingo dute. Herriko plazan parrila bat jarriko dute, gaur egungo euskal produktuekin, eta Eusko Labeldun hainbat jaki dastatu ahal izango dira.

Gainera, aurten, lehen aldiz, Gazteen Olinpiadak antolatu dituzte. Helduek goizean egingo duten moduan, 12 eta 16 urte bitarteko gazteek ere kirol probetan parte hartzeko aukera izango dute arratsaldean, 17:00etatik aurrera. Etorkizun motz batean, horiek izango dira Zestoako Historiaurreko Olinpiar Jokoetan parte hartuko dutenak, eta entrenamendu moduan oso ondo etorriko zaie olinpiar joko gazte horietan parte hartzea. Egunean bertan izena emateko aukera egongo da, herriko plazan, eta sariak ere izango dira.

Ordu berean, Ekainberri kanpoko zelaian, Irrien Lagunak taldeko pertsonaiek ingurua alaituko dute, ikuskizun baten bidez. Lagun taldeak Ekaingo familia ezagutuko du, eta elkarrekin abestera eta dantzatzera animatuko dira.

Horren ostean, merienda banatuko dute, herriko plazan, txarangaz alaituta. Herri bazkarian eta arratsaldeko meriendan bildutako diru irabaziak Gipuzkoako Elikagaien Bankurako izango dira.

Horrez gain, historiaurreko gastronomian oinarritutako pintxoak dastatu ahalko dira herriko tabernetan, egun osoan.

Ekainfest

Bihar, egun osoan, Zestoan(Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.