Tornado batek pagadi bat txikitu du Araban

Bi hektarea baino gehiagoko baso eremu batean, milaka arbola bota ditu, Entzia mendilerroan. Ekaitz indartsu batek sortu du tornadoa. Euskalmetek zenbatuta daukan bigarrena da: ez dira ohikoak

Tornado batek pagadi bat txikitu du Araban.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Tornado batek «sekulako hondamendia» eragin du Arabako Entzia mendilerroan, Legaireko basoan. Asteazkenean izan zen, eta egun hartan herrialdean bota zuen ekaitzak sortu zuen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko bozeramaileen arabera, leku batzuk «zeharo suntsituta» daude: «Bost eta hamar metroko altueran apurtuta daude zuhaitz batzuk, eta besteak errotik atera ditu. Arboletako batzuek 60 zentimetroko diametroa dute». Horrek erakusten du haizearen indarra zenbatekoa izan den.

Datorren astean drone bat eroango dute ingurura, tornadoak eragindako kaltea airetik ikusteko eta zehatzago neurtzeko. Dena den, badakite gutxi gorabehera bi hektarea baso baino gehiago hondatu dituela. Bi kilometro luze eta 200 metro zabal den arrastoa utzi du haize boladak Legaireko pagadietan. Arbola guztien enborrak norabide berean etzanda daude: batzuk, alde baterantz, eta besteak, beste baterantz. Hori ikusita, Jose Antonio Aranda Euskalmeteko meteorologia arduradunak ez du zalantzarik: «Ezinbestean, tornado bat izan da».

Asteazken arratsaldean ekaitza sortu zen Gasteiz hegoaldean. Arandaren esanetan, erdibitu egin zen. Ekaitzaren parte bat Gasteizerantz abiatu zen, eta hark utzi zituen euriteak hiriburuan, Arkautin eta Otxandio inguruan (Bizkaia). Besteak, zikloi egitura hartu zuenak, ipar-ekialderako bidea hartu zuen, eta hori igaro zen Entzia mendilerrotik.

«Tornadoa sortzeko, superzelula bat behar da, mesozikloi bat. Ondo antolaturiko ekaitzei esaten diegu superzelula. Beren ardatzaren inguruan dabiltzan ekaitzak izaten dira; egitura antolatua eta sendoa dute». Azaldu du halako ekaitzek euriteak, tamaina handiko txingorra, trumoi hots izugarriak, ia zenbatu ezineko tximista kopurua eta noiz edo noiz tornadoak sor ditzaketela euren bidean.

Euskal Herrian ez dira ohikoak hain muturreko fenomenoak. «Tornadoak gurean? Inondik inora ere ez. Modu ofizialean zenbatuta daukagun bigarrena da. Aurrekoa duela lau urteko ekainean sortu zen, Araban. Beste batzuen inguruko zalantzak badaude, baina ezin izan dira egiaztatu. Bada baten susmoa, Zornotza aldeko baso batean». Basozainekin hitz egin du, eta adinean gora doazenek ere esan diote halako triskantzarik ez dutela sekula ikusi.

Entzia mendilerroa Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten Arabako Batzar Nagusiek. 5.000 hektareako eremua hartzen du. Bere baso eta putzuek balio ekologiko itzela dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.