KSS enpresak Orkoiengo planta itxi nahi du, eta 130 langile kaleratu

CCOO sindikatuak jakinarazi du zuzendaritzaren asmoa, eta «sumindua» dagoela esan du

Kayaba —egungo KSS— enpresako langileen protestak aspaldikoak dira; orain urte batzuetako mobilizazio bat. I.Z / FOKU.
xabier martin
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Orkoiengo (Nafarroa) KSS enpresako beharginei albiste oso txarrak helarazi zizkien CCOO sindikatuak, atzo: Kayaba zenak planta itxi nahi du, eta han diharduten 130 langileak kaleratu. Fabrika bideragarri egiteko ahalegina egiten ari zen azken urtean lantalde hori, baina, sindikatuak iragarri duenez, ahalegin horrek ez du saririk izango: KSS konpainiak amore eman nahi du, eta planta itxi. Itxiera horrek langabeziara bidaliko lituzke behargin guztiak.

«Zuzendaritzaren jarrerak sumintzen gaitu», esan zuten CCOOko iturriek; «lantaldeak ahalegin handia egin du fabrikari geroa emateko, eta multinazional baten erabakiak, beste behin, enplegua suntsituko du, eta, horrekin batera, jendearen bizitzari kalte egin». Ikusteko dago, KSS konpainiak nola gauzatuko duen plan hori, baina espero da kaleratzeko erregulazioa aurkeztuko duela luze gabe. Dosier hori ere negoziatu egin beharko da, baldin eta lan agintaritzak onartzen badu.

«Oso albiste gogorra da, zuzendaritzak mahairatu duen moduan gauzatzen bada», azaldu zuen CCOOk; ardurak banatzen hasita, sindikatuak garbi dauka zuzendaritzaren erabaki erratuek esplikatzen dutela fabrikaren muturreko egoera, baina langileak izango dira pagatuko dutenak. «Itxiera zuzendaritzaren erabaki okerren ondorio litzateke, ez delako gai izan gerorik emateko Orkoieni, edo ez duelako eman nahi izan».

Langileek mobilizazioak abiaraziko dituzte aurki. Lehen-lehenik berretsi egin behar da Kayaba zenak itxi egingo duela urte askoan arazo larriak izan ondoren. CCOOk dio enpresak oso argi adierazi duela, eta lantaldeari zer-nolako erantzuna eman erabakitzea baino ez zaio geratzen. Datozen egunetan ikusiko da grebak hasten diren, esaterako.

Albisteak oihartzun handia izan dezake hauteskunde kanpaina hastear dagoela, 130 langileren kaleratze kolektiboak baduelako bere pisua. Hor dago, esaterako, Sestaoko Naval historikoa. 173langile kaleratu dituzte han, eta hilabeteak eman dituzte kalean protestak egiten eta bilerak eskatzen erakundeekin. Kayabari buruzko iritziak ere eman beharko dituzte aurki Nafarroako alderdi politikoek, baita Nafarroako Gobernuak berak ere.

Urtebeteko esperantza

Orain dela urtebete ere KSS multinazionalak Orkoienen duen planta egoera oso larrian egon zen, eta CCOOk eta UGTk kaleratzeak negoziatzeko prestasuna azaldu zioten zuzendaritzari, «plan industrial baten truke». 2018ko otsailean 101 langile kaleratzeko erregulazioa aurkeztu zuen Kayabak. «Bere garaian hartu zuen konpromisoari jarraikiz», industria plan serio bat eskatu zioten zuzendaritzari UGTk, CCOOk eta CCPk, «berme nahikoarekin lantegiak geroa izan dezan». Eta horren truke Orkoiengo KSS enpresak kaleratu nahi zituen 101 beharginen patuaz negoziatzeko prest azaldu zirenhiru sindikatuak.

«Zalantza ugari daude enpresak argudiatutako arrazoien inguruan», esan zuten sindikatuek orain urtebete. Uste zuten 101eko kopuru hori «puztuta» zegoela, «badaezpada». Azkenean, 101 kaleratze jasotzen zuen erregulazioa epaitegietara eraman zuten sindikatuek, eta epaia enpresaren aldekoa izan zen aldez aurretik egindako 71 kaleratzeri zegokienez. Beren borondatez utzi zuten enpresa beste 74 langilek 2018. urteko hasieran. Bistan da: aspaldikoak dira Orkoiengo plantaren arazo larriak.

KSS multinazionala autogintzaren sektoreko hornitzaile gisa aritzen da Orkoienen, motelgailuak, bonbak eta bestelakoalorreko piezak ekoizten, adibidez Landabenentzat (Volkswagen). LABek proposatu zuen 2017an Ororbiako Kybserekin bat egitea, planta bien bideragarritasuna bermatzeko, baina KSS konpainiak uko egin zion bat egite horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.