Hamabi urte geroago

Bartzelonak Granollersi irabazi dio, eta beraz, Bidasoa sailkatu egin da Europako lehiaketa bat jokatzeko. 2007an aritu zen azkeneko aldiz

Bidasoako jokalariak, gol bat ospatzen, sasoi honetan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bidasoako jokalari, entrenatzaile, agintari eta zaleak Palaura begira zeuden atzo. Egun batez, Bartzelona izango zen haien talde kutuna. Irabaztea nahi zuten, hori eginez gero, Irungo taldeak ziurtatu egingo zuelako datorren denboraldian Europako lehiaketa bat jokatzea. Eta mesedea egin zien Bartzelonak. 38-27 irabazi zion Granollersi, eta beraz, Bidasoa Europarako sailkatu zen. Hamarkada bat baino gehiago pasatu da hori lortu zuen azkeneko alditik. 2007an jokatu zuen azkenekoz, EHF kopako final-laurdenetan, CAI Aragoiren aurka. Ordutik ez zuen bidaiatu Europatik.

Bidasoak jada ziurtatu du gutxienez EHF kopan aritzea, baina oraindik sari potoloagoa lor dezake. Izan ere, Asobal liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direla, bigarren da sailkapenean, hots, horrela bukatuz gero, Txapeldunen Liga jokatuko luke. Logroño da haren aurkari nagusia, hirugarren baita, puntu bakarrera. Bi taldeok elkarren aurka jokatuko dute hilaren 18an, eta ezusterik ezean, egun horretan erabakiko da dena.

Ezkurdiak ez du segituko

Super Amara Bera Beran, berriz, Uxue Ezkurdiak taldea utziko du denboraldi honen amaieran, goi mailako eskubaloian ez jarraitzea erabaki baitu. Lana eta goi mailako kirola uztartzeko zailtasunak bultzatuta hartu du erabakia 25 urteko ezker hegaleko donostiarrak. «Erabaki zaila izan da, baina uste dut egokia dela. Oso nekatuta nago, eta sentitzen dut ez naizela bete-betean ari eskubaloian». Ezkurdiak zazpi urte daramatza Bera Beran, 2012an Reyes Carrerek debutatzeko aukera eman zionetik. Ordutik taldeak irabazi dituen titulu guztietan hartu du parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.