Festak Izurtzan

Ohiturak gordetzen dituen herria

Asteburu bi irauten dute jaiek Izurtzan, eta oso herrikoi egiten dituzte, lehiaketekin eta herri bazkariekin. Bingoa izango dute gaur

Izurtzako jaietan ohiko jarduerak antolatu arren, eskaintza zabala izaten dute urtero. IZURTZAKO UDALA.
Javi West Larrañaga.
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Durangaldeko herri txiki bat da Izurtza (Bizkaia), ia 300 biztanle dituena egun. Bi asteburu irauten dute jaiek; ostiraletik domekara lehen astean, eta hurrengoan berriro berdin. Atzo hasi ziren aurtengoak. Jaiak ez dira nabarmen aldatu urteotan: «30 urte dauzkat, eta denbora tarte horretan beti izan dira berdinak», azaldu du Oihane Irastorza Kultura zinegotziak. Tradiziora jotzen dute asko, herri txikiek izan ohi dituzten baliabideak dituztelako eskura. Urtero, erromeria talde berak ekartzen dituzte: Lotxo eta Luhartz. Bakoitzak egun batean jotzen du, talde bat jaietako aste bakoitzeko.

Bestalde, gastronomia lantzen dute, tortilla eta bakailao lehiaketekin, eta jende asko joatea lortzen dute. Tortilla txapelketa nahiko berria da —azken zortzi urteetako kontua— baina arrakasta izaten du. «Azken urteetan, herri txikia izanda, Durangotik etortzen dira kuadrilla asko, eta giro polita egoten da», adierazi du Irastorzak.

Ohiturak mantenduz

Gaur daukate bakailao lehiaketa, Bizkaiko erara. Herri bazkaria egin ondoren, bingoan arituko dira. Biharkoa da egunik garrantzitsuenetakoa, ordea. Santa Ageda baselizara igotzen dira urtero, iraileko lehenengo domekan, eta hantxe egiten dute jaia. Zinegotziaren ustez, eguraldi ona egiten baldin badu «oso egun polita» izaten da. «Euria egiten duenean, frontoian egin behar izaten dugu, eta xarma hori galtzen du». Mezaren ostean, Mendigain dantza taldeak egingo du saioa. Dantza taldeak tradizio handia dauka Izurtzan, eta nagusiek mantentzen dute bizirik. Taldeak berak 50 urte bete zituen orain dela urte bi, eta ez du huts egiten herriko jaietan dauzkaten hiru hitzorduetara. Urte osoan ere egiten dituzte zenbait saio, data jakin batzuetan. «Orain umeak falta dira», nabarmendu du Irastorzak. Dantzari dantza, Euskal Herrian barrena; baina, batez ere,Bizkaian zabaldu den dantza sorta bat da, eta Durangaldeko zenbait herritan du jatorria. Horietako bat da Izurtza, euskal dantzek herrian duten historia luzearen seinale.

Atzo, suziria bota ondoren, triki-poteoan aritu ziren. Ez du bereziki inork botatzen, edota pregoia irakurtzen. Herriko aguazilak piztu ohi du suziria, baina edonor igo daiteke balkoira: «Gura duena igotzen da herriko balkoira, batez ere umeak», azaldu du Irastorzak.

Datorren ostiralerako prestatu dute umeentzako egitaraua: jolasak eta Kiki eta Koko pailazoak. Zapatuan kalejirarekin hasiko dute eguna, «abisatzeko egunak zeozer dakarrela eta jendea animatzeko». Dantza saioa ere izango da, kalejira dagoen egun guztietan bezala —dantza emanaldia eta kalejira hiru egunez egiten dituzte—. Eguerdian, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolari eskarmentudunak arituko dira. Tortilla lehiaketa eta herri afariaren ondoren, Luhartz erromeria izango dute izurtzarrek eta ingurukoek.

Bigarren domekan egingo dute erretiratuek beren bazkaria. Azken eguna da, eta egun horretarako utzi dituzte jaietako joko klasikoak. Mus, igel-toka eta partxis txapelketarekin amaituko dituzte festak.

Berritu nahian

Martxo inguruan hasten dira jaiak antolatzen, aurreko urteetako programazioa oinarritzat hartuta, baina Kultura zinegotziak uste du askotan zaila gertatzen dela «berrikuntzak aurkitzea». «Beti herritar berak elkartzen gara», zehaztu du: «Dantza taldeko batzuk, txokoa duten beste batzuk, udalekoa ordezkariak....». Irastorzaren esanetan, jende gutxik dauka lan horiek bere gain hartzeko gogoa, eta, nahiz eta jatorri eta adin askotako jendea elkartzea lortu duten, urteotan pertsona berak egon direla azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.