Samurrik ez zegoen

Bietigheim Alemaniako txapeldunordea izango du aurkari Bera Berak Txapeldunen Ligako atarikoaren finalerdietan. Poloniako Lublin eta Italiako Salerno ere ariko dira

Esther Arrojeria, jaurtitzear, Zuazoren aurka. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
SCM Craiova EHF kopako txapelduna eta Errumaniako ligako txapeldunordea edo SG BBM Bietigheim Alemaniako txapeldunordea. Horra Super Amara Bera Berak Txapeldunen Ligako atarikoaren finalerdietan izan zitzakeen bi aurkariak. Kontrario ahaltsuak dira biak ala biak. Ez da harritzekoa. Lasto gutxi eta gari asko dago Europako kluben arteko lehiaketa nagusian. Bada, atzo egin zuten zozketa, Vienan, eta Bietigheim egokitu zitzaion Donostiako taldeari. Poloniako MKS Perla Lublin txapeldunak eta Italiako Jomi Salerno txapeldunak jokatuko dute atariko horretako beste finalerdia.

Irailaren 7tik 9ra jokatuko da atarikoa, eta nahiz eta EHF Europako Eskubaloi Federazioak hura antolatzeko aukera eman dion Bera Berari, zaila dirudi Donostian jokatzea. Txapeldunen Ligan aritzeko izena eman zuten egunean, Tati Garmendia kirol zuzendariak azaldu zuen baztertu egin zutela, duela bi urte egin bezala, berriro atarikoa antolatzea. «Ez zen batere erraza izan antolatzea duela bi urtekoa. Donostiako hotelak gainezka daude sasoi horretan, eta, gainera, bat egiten du Kontxako Banderarekin». Hala ere, zehaztu zuen «beste kontu bat» litzatekeela nahi ez izatea eta, aurrekoan bezala, EHFk Bera Berari eskaera egitea. Beraz, ikusteko dago non jokatuko den atarikoa.

Argi dagoena da donostiarrek oso zail izango dutela atarikoaren lehen partida gainditzea, Bietigheim aurkari oso indartsua baita. Alemaniako liga bikaina irabazi zuen iaz lehen aldiz, eta denboraldi honetan gertu izan du berriro hori lortzea. Baina atarian geratu da. Bigarren sailkatu da, Thueringerren atzetik. Beste horrenbeste pasatu zaio Alemaniako Kopan, finala galdu baitu Oldenburgen aurka. Europako lehiaketan, berriz, lehen aldiz aritu da Txapeldunen Ligan, eta bigarren ligaxkaraino iritsi da. Duela urtebete lan hobea egin zuen, Europan aritu zen lehen aldian EHF kopako txapeldunorde izan baitzen. Rostov Don Errusiako taldeak gainditu zuen finalean.

Atarikoaren irabazlea bakarrik sailkatuko da Txapeldunen Ligako lehen ligaxkarako. Sailkatu ezean, Europan lehiatzen segituko du Bera Berak, EHF kopan. Atarikoak baldintzatu egingo du parte hartze hori. Atariko horretan partida bat irabaziz gero, azaroan hasiko litzateke lehiatzen, eta kanporaketa batera izango luke ligaxka. Atarikoan irabaziko ez balu, ordea, urrian ekingo lioke, eta bi kanporaketa irabazi beharko lituzke ligaxkan aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.