Sanmigelak Basaurin

Jarduera anitz, San Migel bizi mantentzeko

Bizikleta Martxarekin hasiko dira San Migelgo jaiak gaur. Mikelats elkarteak antolatu du, eta haurrek eta helduek parte hartuko dute

Mikelats elkarteak antolatutako bizikleta martxaren irudi bat. MIKELATS ELKARTEA.
Nagore Arin.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Basauriko (Bizkaia) auzo bat da San Migel; bertako herritar askok, baina, herri sentitzen dute. Hain justu, ingurua bizirik mantendueta jai kolorez girotzeko sortu zen Mikelats elkartea, 2005. urtean. Geroztik, urtez urte antolatu ditu kultur eta kirol jarduera anitz. Mikelats elkarteko kidea da Aintzane Rojo Larrazabal (Basauri, 1990), eta, esan duenez, auzoko boluntarioek osatzen dute elkartea, «San Migel herriko jendeak, hain zuzen ere».

Aurten ere egitarau zabala egin dute San Migel jaietarako, baina elkartearen jarduna ez da jaietara soilik mugatzen: «Hasiera batean jaiak eta ekintzak prestatzen hasi ginen, eta gerora elkarte bilakatu zen. Urte osoan egiten ditugu ekintzak, baina indartsuenak San Migelgo jaietan egiten ditugu». Hala, ilusioz ospatuko dituzte jaiak, eta gaur zazpigarren urtez egingo dute bizikleta martxa:11:00etan, Ixatxak parkean.

«Bizikleten inguruan zerbait egitea pentsatu genuen; izan ere, haurrei asko gustatzen zaizkie», adierazi du Rojok. Gainera, azaldu du bai haurrek eta bai helduek parte hartzeko jarduera bat dela, eta, horrekin batera, kirol ekintzak sustatzeko aukera bat: «Kirolaren inguruan zerbait prestatzen hasi eta horrela sortu zen, bultzada emateko». Zazpi urte igaro dira bizikleta martxa antolatzen hasi zirenetik, baina aldi guztietan ez dute San Migelgo jaien egitarauan egin: «Kasuren batean maiatzean ere egin izan dugu, baina orain guztia jaietara pasatu dugu; jarduera solidario bat delako».

Egitasmo solidario bat

Urtero, elkarte baten alde egiten dute Bizikleta Martxa; baina ez hori bakarrik, baita beste jarduera ugari ere. «Kirol ekintzetan egin ohi diren inskripzioetako dirua egitasmo solidario bat sustatzeko da; beti egiten dugu elkarteren baten alde. Herri krosa eta mendi martxa ere elkarteren baten alde egiten ditugu», adierazi du Rojok. Acambi elkartearen alde egingo dute aurtengo jarduna, emakumeen bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoaren aurka lan egiten duen elkartearen alde: «Proiektu baten berri eman ziguten, psikologoekin ere lan egin ahal izateko, eta 7.000 euro behar zituzten».

Izaera solidario hori presente, jende ugari biltzen du jarduerak, eta, Rojoren arabera, 300 pertsona inguruk parte hartzen dute: «Bi kilometro inguru izaten dira, eta bide berbera egiten dugu urtero; haurrek eta helduek hartzen dute parte». Sortzen den giroa «oso polita» dela nabarmendu du, eta ikusleak baino parte hartzaile gehiago biltzen direla jarduerara. Udalaren diru laguntza erabiltzen dute ekintza guztiak antolatzeko, baina Mikelats arduratzen da jaiak antolatzeaz. Orain bost emakume eta bi gizon ari dira elkartean lanean, eta elkartea bi esparrutan banatuta dago: kultur jarduerak eta kirol jarduerak.

Hala, Gabonetan, inauterietan, sanjoanetan... ekintza anitz egin ohi ditu elkarteak, San Migel bizi mantentzeko asmoz; eta ibilbide horretan jarraitu nahi du aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.