Sanmigelak Basaurin

Elkarte batek bizi eta sortzen dituen jaiak

Mikelats kultur elkartea arduratzen da urtero Basauriko Elexalde auzoko egitaraua osatzeaz. Irailaren 30era arte izango dira jaiak

Gaur botako dute Basauriko San Migel jaietako suziria. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira Basauriko (Bizkaia) Elexalde auzoko San Migel jaiak. Irailaren 30era arte izango dira, eta ondoren, urriaren 6an, San Fausto jaiak ospatuko dituzte. Beraz, jai giroz beteriko asteak datozkie aurretik basauriarrei. Mikelats elkarteak antolatzen ditu urtero San Migel jaiak, eta, adin tarte guztietarako egitaraua osatzeaz gain, urtero-urtero prestatzen dituzten kontzertuek sona handia izaten dute.

Aurten, Siniestro Total talde galiziarra izango da kartelburu, eta, horretaz gain, Talco ska talde italiarra, Stai Zitto talde bizkaitarra, Oxabi erromeria taldea eta Fito y los Fitipaldis taldearen bertsioak jotzen dituen taldea arituko dira. Lan handia hartzen dute Mikelats elkarteko kideek emanaldi horiek lotzen; izan ere, gaur egun bost kide ditu elkarteak, eta horien bizkar erortzen da antolaketa guztia. Emakumeak dira denak, eta plazaratu dute «erronka handia» duela elkarteak etorkizunera begira.

Aintzane Rojo da Mikelats elkarteko boskotea osatzen duen kideetako bat. 2012an sartu zen elkartera, gainontzeko kideekin batera: «Gu sartu ginen aurrekoek esan zigutelako utzi egingo zutela, eta, inork ez hartzeak pena ematen zigunez, gu geu animatu ginen». Geroztik, buru-belarri dabiltza lanean jaiak aurrera ateratzeko. «Era horizontalean jarduten dugu; guztion artean adosten ditugu gauzak, eta urte osoko ekintza guztiak antolatzen ditugu: inauteriak, Gabonak, sanjoanak eta herriko jaiak», azaldu du.

Rojok nabarmendu du zaila dela bost pertsonen artean dena antolatzea. «Udaletxeak ematen digun diru laguntza urte osorako kudeatzen dugu, eta horri esker egiten ditugu ekintza guztiak». Jaietako egitaraua osatzeko, herriko biztanleen gustuei erreparatzen dietela azaldu du: «Gu betidanik izan gara sanmigelekoak, umeen ekintzek urtero izaten dute arrakasta handia, eta egunero saiatzen gara haientzako zerbait eskaintzen». Horretaz gain, kontzertuak lotzeko orduan, oreka bilatzen saiatzen direla nabarmendu du, gazteentzako gau bat eta helduentzako beste gau bat prestatuz.

Jaietako astea «zoramena» dela plazaratu du Rojok, lo gutxi egiteko aukera izaten dutelako. «Oso estresagarria da; gure denbora librean kudeatu behar dugu dena, eta goraino ibiltzen gara». Jaiak amaitzean, ordea, «beteta» sentitzen direla erantsi du: «Oso sentsazio berezia da; azken finean, besteentzako lan egiten duzunean, zure denbora inbertitzen, asko pozten zara gauzak ondo atera direla ikustean».

Aurrera begira, ordea, «ilun» ikusten du etorkizuna Rojok. «Jendea ez da animatzen elkartean sartzera, eta ez dakigu zer gertatuko den guk uzten dugunean». Jaietan jendeak oso ondo erantzuten duela dio, baina ez dagoela konpromisoak hartzeko prest. «Hala jarraituz gero, desagertu egingo gara. Jendeak jaien atzean dagoen lana aintzat hartu behar du, eta antolakuntzan parte hartzera animatu; bestela, ez dago zer egiterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.