Nafarroan erlijio orduak murriztea galarazi du PSNren abstentzioak

Ezkerrak lege proposamen bat aurkeztu du eskola publikoan erlijio ikasgaia ahalik eta gehien murrizteko. Bat egin dute Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk, eta kontra bozkatu du Navarra Sumak

NACHO GALLEGO / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Erlijio orduei eutsiko diete Nafarroako ikastetxe publikoetan. Iazko urriaren 31n, Ezkerra koalizioak lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, 2020-2021 ikasturtetik aurrera erlijio ikasgaia ahalik eta gehien murrizteko. Aurrera atera izan balitz, Nafarroako eskola publikoetan eskaini beharreko erlijio orduak erdira murriztea ekarriko zukeen arauak —bi ematen dituzte orain, eta bakarra emanen lukete aurrerantzean, hori baita Espainiako araudi orokorrak ezartzen duen gutxienekoa—. Navarra Sumaren ezezkoak eta PSNren abstentzioak galarazi dute.

Urriko osoko bilkuran, Navarra Suma ez beste talde guztien babesa jaso zuen proposamenak, tramitazioa hasi eta bide parlamentarioa egiteko. Parlamentuko araudiak ezartzen duen legez, Hezkuntza Batzordera igorri zuten lehenbizi, proposamena eztabaidatu eta testu bat adosteko. Atzo zuten horretarako hitzordua. Oraingoan, baina, PSNk ez zuen Ezkerrak aurkeztutako proposamena babestu nahi izan, eta, bozketan abstenituta, eten egin zuen tramitazioa. Gainerako taldeek beren botoari eutsi zioten: baiezkoa eman zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; ezezkoa, berriz, Navarra Sumak. Batzordean babes nahikoa lortu ezinik, lege ekinbidea ez da osoko bilkurara bueltatuko.

Ezezkoa gauzatu aurretik, Geroa Baik zuzenketa bat aurkeztu zuen, erlijio ikasgaiaren orduak murriztuta ere kontratu mugagabea duten irakasleen lantaldeari eta aurrekontuari eusteko, balizko arau aldaketak «lanpostuen galera edota kontratuen murrizketa ekar ez dezan». Navarra Sumak bat egin zuen Geroa Bairen zuzenketa horrekin.

Irakasleen lanpostuei buruzko puntuaz gain, erlijio ikasgaiak utzitako hutsunea betetzeko moduak ere hautsak harrotu zituen. PSNk zuzenketa bat proposatu zuen, «ezagutza esparru bakoitzari gutxieneko saio kopuru bat ezartzeko, eta sobera dauden orduak ikastetxeen esku uzteko, beren programa propioak eta hobetze planak garatzeko».

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, berriz, testu alternatibo bat aurkeztu zuten, «Hezkuntza Departamentua izan dadin erlijioaren ordezko ikasgaiaren ordutegia eta curriculuma definituko dituena». Zehazki, ikasgai horren edukiak «herritartasunerako heziketaren, hezkuntza afektibo- sexualaren, elkarbizitzaren, berdintasunaren eta bakezaletasunaren inguruan ardaztea» proposatu zuten.

Zuzenketa horietatik bakar batek ere babes nahikorik ez zuela ikusita, taldeak adostasunezko idazki bat adosten saiatu ziren, baina ez zuten akordiorik erdietsi; hortaz, Ezkerraren proposamena bere horretan bozkatu zuten. Hasieratik proposamenaren alde azaldu ziren taldeen artean, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek babestu zuten testua; PSNk, ordea, ez zion bide eman nahi izan.

PSN: «Arazoak sor ditzake»

Eztabaida parlamentarioaren ostean, Ezkerrako buru Marisa de Simon «atsekabetuta» azaldu zen. Kritika egin zion PSNri, proposamenaren aurrean abstentziora jotzeagatik, baina baita Geroa Bairi ere, «aurkeztu duen zuzenketaren bidez eskola ordurik gabeko erlijio irakasleak liberatu nahi izan dituelako». Ezkerrako buruak bi talde politikoei egotzi die gizarteari «iruzur» egin izana: «Sinetsarazi ziguten lege proposamena babestuko zutela, baina, azkenerako, eraitsi egin dute, batzuen eta besteen artean». Halaber, Ezkerrak azpimarratu du PSNk eta Geroa Baik «bat egin dutela Navarra Sumarekin», eta galarazi egin dutela «eskola publikoan laikotasuna lortzeko bidean aurrera egitea».

Oso bestelako azalpena eman zuen Jorge Agirrek, PSNk Hezkuntza batzordean duen bozeramaileak. Haren esanetan, Ezkerraren proposamenari bizkarra emanda ere, PSNk «berretsi» egin zuen «eskola publiko eta laiko baten aldeko konpromisoa». Zehazki, «segurtasun juridikorik ezari» egotzi zion abstentzioa eman izana: «Eledun sozialistok uste dugu erlijioa atera beharra dagoela ikastetxe publikoetatik, baina berme osoz egin behar da hori». Areago: Ezkerraren proposamenak «arazoak» sor zitzakeela uste du PSNk, «lan arloan nahiz esparru juridikoan».

Agirrek laikotasunaren aldeko konpromiso horren frogatzat aurkeztu zituen bai Madrilen PSOEk eta Unidas Podemosek sinatutako koalizio gobernua, baita Nafarroan Geroa Bairekin eta Ahal Dugurekin sinatutako itun programatikoa: «Helburua da egungo lege esparrura egokituko den erreforma bat onartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.