Koronabirusa

Ospitaleetako okupazioa gora doa, eta ezinegona adierazi dute agintariek

740 lagun daude erietxeratuta birusak jota, azken bi hilabeteetako kopururik handiena. Urkulluk baztertu egin du, oraingoz, Labi bilerara deitzea. Nafarroako lau herri perimetralki itxiko dituzte

Galdakaoko ospitaleko (Bizkaia) ZIUko gune bat. MIGUEL TOÑA/ EFE.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz - Arantxa Iraola
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Birusaren transmisioa larriagotzen ari dela gero eta agerikoagoa da Hego Euskal Herrian; hala erakusten dute eguneko positiboen datuek, intzidentzia metatuaren tasak, eta, era berean, ospitaleen egoerak. Bilakaeraren okertzea suma daiteke birusaren transmisioari buruzko adierazleetan, eta aise ikus daiteke makurtze horren efektua ospitaleetan ere. COVID-19 gaitzak jotako 117 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Guztira, 740 daude jada ospitaleetan, azken bi hilabeteetako kopururik handiena. Gainera, datu hori abiada bizian ari da handitzen: duela hilabete 388 lagun zeuden ospitaleratuta gaitzarekin, eta ia bikoitza da orain. Kezkagarria da, halaber, erietxeetako ZIU zainketa intentsiboetako unitateen okupazioa ere. Atzoko datuen arabera, 167 gaixo daude unitate horietan. Martxoaren 23tik etengabe ari da gora egiten ZIUetako okupazioa: orduan 98 pertsona zeuden larri unitate horietan birusaren sintomak larriagotuta.

Hegoaldeko osasun agintariek kezka agertu dute ospitaleen egoerarekin. Nafarroan kutsatzeen goranzko joera datozen egunetan apalduko dela espero du Maria Txibite gobernuko presidenteak, baina ohartarazi du erietxeetako egoera oso kezkagarria dela oraindik. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan jarri du fokua, bikoiztu egin delako bertako okupazioa: Aste Santuko jaien atarian 20 paziente zeuden, eta 40 daude orain. Dagoeneko Nafarroako ospitaleetako ZIUetan urtarrilean kutsatzeek goia jo zutenean baino paziente gehiago daude, eta horien herenek 60 urte baino gutxiago dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeen egoera ez da askoz hobea. Izurritearen kurba ezin apalduta segitzen du Eusko Jaurlaritzak, eta grafikoek joera kezkagarria marrazten dutela aitortu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Azpimarratu du intzidentziaren kurbak gora egiten jarraitzen duela, eta azken egunetan «erritmo biziagoan» egin duela gora. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua erkidegoan 420koa da, eta horrek ondorio zuzena du erietxeetan, gero eta presio handiagoa sumatzen ari baita osasun sistema. Sagarduik azpimarratu duenez, orain ZIUetako oheen %46 hartzen dituzte koronabirusarekin gaixo daudenek.

Jaurlaritzarentzat kezkagarriak dira datuak, eta egoera aztertzeko bilera egin zuen atzo Labiren batzorde teknikoak, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Osasun sailburua buru zirela. Kutsatzeen kurbak etengabe gora egiten duen arren, lehendakariak baztertu egin zuen, oraingoz, Labi aholku batzordea bilerara deitzea. Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi zuen hori. Jaurlaritzak uste du ezinbestekoa dela indarrean dauden neurri murriztaileak betetzea: «Osasun agintarien ustea eta gomendioa argia da: neurri horiek zorrotz betetzea da bide eraginkorrena murrizketa gehiago saihesteko». ihar batzorde teknikoa berriro bilduko da, bilakaera epidemiologikoa aztertzeko.

Birusa, harrotuta

Gaitzaren transmisioari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emaniko datuak ere kezkagarriak dira, argi erakusten baitute laugarren olatua harrotuta dagoela Hego Euskal Herrian. Astelehenean, 11.541 proba eginda, 894 positibo atzeman zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; hortaz, positibotasun tasa %7,7 da oraintxe. Aurreko egunekin alderatuta, ordea, apur bat apalagoa da ehunekoa. Datozen egunetan ikusiko da atzoko beheranzko hori joera bihurtzen den, ala zerra hortz bat besterik ez den azken egunetako aldapa malkartsuan. Herrialdeka, hara zein den egoera: Araban 106 COVID-19 kasu detektatu zituzten astelehenean; Bizkaian, 298; Gipuzkoan, 315; eta Nafarroan, azkenik, 168.

Hain justu ere, Nafarroan birusaren transmisioa nabarmen larriagotu da. Are, izurriteak utzitako datuak bereziki kezkagarriak dira herrialdeko zenbait herritan, eta, horiek horrela, kutsatzea eteteko asmoz, gobernuak itxiera perimetrala ezarriko du horietako batzuetan. Bihartik, Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes itxiak izanen dira. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, muga apirilaren 29ra arte izanen da indarrean, gutxienez. Bitarte horretan, ezin izanen da herrietan sartu, ezta horietatik atera ere, funtsezko arrazoiengatik bakarrik egongo dira baimenduta sartu-irtenak.

Osasun Departamentuak emandako azken datuen arabera, azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua lau herrietan 1.000tik gorakoa da; azken egunotan kutsatzeek izandako goraldiaren ondoriotzat dituzte egoera horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.