Irungo Harrera Sarean 315 etorkin lagundu dituzte urte hasieratik

Nazio mailako manifestaziora deitu dute larunbaterako. Konpromiso irmo eta zehatzagoak eskatuko dizkiete instituzioei

Migratzaile batzuk, Irun eta Hendaia artean dagoen Santiago zubian, iazko abuztuan. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
Irun
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
22 egunean 315 migratzaileri babes eman diete Irungo Harrera Sareko kideek —5.500 laguni azkenengo sei hilabeteetan, taldea sortu zenetik—. Udan izandako kopuruak txikitu diren arren, «etengabea» da oraindik ere laguntza beharrean Bidasoko mugara gerturatzen direnen emaria. Askotarikoak dira beharrak, eta instituzioek «modu eskasean eta berandu» betetzen dituzte, sareko kideek salatu dutenez. Erakunde publikoen aldetik jarrera aldaketa nabarmenik antzematen ez dutenez, manifestazio bat antolatu dute larunbaterako Irunen. 17:00etan abiatuko da, Ficobatik, Euskal Herria, harrera herria lelopean.

Mobilizazio horrekin, migratzaileen eskubideekin konpromiso irmo eta zehatzagoak eskatuko dizkiete instituzioei, Euskal Herrian gelditu edo bertatik pasatzen diren migratzaile guztiek harrera «integrala eta duina» jaso dezaten. Zehazki, exijituko diete Europako legeria eta «edozein migratzaileren eskubideak aitortzen eta bermatzen dituzten nazioarteko itunak» aplikatzeko, eta aintzat hartzeko «zirkulazio librerako pertsona orok duen eskubidea».

Horrekin loturik, nabarmendu dute Frantziako Poliziak oraindik ere «egunero» Irunera bueltatzen dituela muga zeharkatzen duten migratzaileak, eta ohartarazi dute horrekin batera ugaritu egin dela haiekin «trafikatzen» duten pertsonen presentzia. «Klandestinoki bidaiatzera behartuta daude, eta bidaian eta zeharkatzen dituzten herrialde guztietan Poliziaren eta trafikatzaileen biolentzia pairatzen dute. Neurri handian, biolentzia hori Europako politika migratzaile arrazistek eragiten dute».

Mugatik gertu dagoen erakustazokatik abiatuko da martxa, eta, handik, Hendaiako atxikitze zentrora egingo dute. Irunera itzuli, eta udaletxearen aurrean amaituko da. Han, ekitaldi berezi bat egingo dute, bertsolariekin eta musikariekin. 2.300 eragilek babestu duten manifestu bat irakurriko dute.

Arriskuak eta beharrak

Irungo Harrera Sareko kideek salatu dutenez, euskal erakundeak «ez ikusiarena» egiten aritu dira azken urtean Frantziarako bidea hartu nahi zuten migratzaileekin, eta, ondorioz, Irunen, Donostian, Bilbon eta Baionan herritarrek beren kabuz antolatu behar izan dute pertsona horien beharrei erantzuteko. Besteak beste, iristen diren tokira harrera egitera joatea eta dagozkien eskubideei buruzko informazioa ematea, baita iritsi diren lekuari buruzko eta han dituzten zerbitzuen inguruko argibideak ematea ere, eta euren familiekin harremanak erraztea, dirua jasotzeko tramiteetan laguntzea, eta babes emozionala ematea. «Janariaz eta oheaz gain, beste horiek guztiak ere oinarrizko beharrak dira, haien egoera berean edonork beharko genituzkeenak, eta sareak kudeatzen dituenak», azpimarratu dute. Sareko kideek erakundeei gogoratu diete egungo egoera ez dela une jakin batekoa: «Egiturazkoa da: desagertuko ez den errealitate bat da». Eta esan dute jartzen dituzten baliabideak ezin direla behin-behinekoak izan.

Harrera sarekoek uste dute, halaber, «inklusioaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako» jarrerak eta diskurtsoak indartu behar dituztela instituzio publikoek: «Bereziki, muturreko eskuinaren eta ideologia atzerakoienen eta antidemokratikoenen diskurtsoen legitimazioa gorantz ari denean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.