Hil egin da igande goizean Donostian eraso bat pairatu zuen gizonezkoa

Errenteriako gizon bat zen, 61 urtekoa. Polizia ikertzen ari da zaurien larritasunaren motiboa, eta erasotzailearen edo erasotzaileen bila dabil

Donostiako Gros auzoa, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zabalduta zegoen oso larri zegoela, eta atzo arratsaldean jakin zen hil egin zela. Donostiako Gros auzoan igande goizean eraso bat pairatu zuen gizona zen; Errenteriako (Gipuzkoa) bizilagun bat, 61 urtekoa. Ez daude argi hark pairatu zuen erasoaren nondik norakoak. Ikerketa bat martxan da.

Hainbat pertsonak eman zieten abisua larrialdi zerbitzuei; Mirakruz kalean, gizon bat lurrean eta odoletan zegoela jakinarazi zuten. Eraso baten biktima izan zela azaldu zuten inguruan zeuden hainbatek. Berehala Donostiako Ospitalera eraman zuten gizona, baina eguerdi partean okerrera egin zuen: garun heriotza zuen. Ertzainak eta Donostiako udaltzainak ari dira erasoa ikertzen, egilea edo egileak atzemateko. Era berean, aztertzen ari dira zein izan zen gizonaren zauri larrien motiboa: jakin nahi dute erasoaren ondorioa izan ziren, edo lurrera eroritakoan egin zituen.

«Gaitzespen» erabatekoa azaldu nahi izan du Donostiako alkate Eneko Goiak erasoaren harira, eta elkarretaratze batera deitu du gaurko, 12:00etan, Alderdi Ederren.«Zuhurtasuna» ere eskatu du jazotakoa behar bezala argitzeko. Aitortu du, hala ere, kezkarako motibo izan dela eraso hori, eta «antzekoak» izan diren beste hainbat gertaeraren segidan datorrela, gainera, honako hau.

Eraso gehiago

Hain zuzen ere, iazko abuztuan, Donostia Aste Nagusiko jaietan murgildua zela, Urnietako (Gipuzkoa) gizon bati eraso egin zioten, eta larri zauritu zuten: bi hilabete koman egin ostean hil zen. Iragan apirilaren 26an, berriz, 17 urteko gazte bati jipoi bat eman zioten, eta hil egin zen; Donostia erdialdean jazo zen eraso hori ere, Nautiko Klubean dagoen dantzaleku baten atarian, Donostiako udaletxearen ondo-ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.