Tuterako Udalak emakumeen aurkako bortxa salatzera deitu du

Hiru eguneko dolua ezarri du, eta elkarretaratzeak antolatu ditu gaurko. Talde feministek ere antolatu dituzte kontzentrazioak

Bilbon egin duten elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Tuterako Udalak (Nafarroa) gogor salatu du Sara Pina Ieregiren hilketa. Atzo goizean ezohiko batzarra egin zuten, eta adierazpen bat adostu dute alderdi guztiek. «Emakumeen aurkako indarkeriak oinarrian du plano sinbolikoan eta materialean gizonak emakumeen gainetik jartzen dituzten botere harremanak, eta emakumeek beti gizonen menpean jarraitzea dute helburu. Giza eskubideen kontrako bortxaketa larri bat da emakumeen aurkako indarkeria», adierazi dute, besteak beste.

Corteskoa zen Pina, 38 urteko emakume bat. Astelehenean hilda aurkitu zuten etxean, eta hango udalak asteartean egin zuen ezohiko bilera, eta baita elkarretaratze bat ere. Atzo egin zioten hileta, Cortesen. Tuteran bizi zen emakumea, senarrarekin, eta bertako udalak atzo goizean egin zuen bilera, 09:30ean, minutu batez isilik egon ondoren. Hiru eguneko dolua ezarri dute.

Protestak txoko guztietan

Atzo Tuterako plaza nagusian egin zutenaz gainera, asteartean mugimendu feministak deituta ere egin zuten elkarretaratze bat Tuteran, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan behintzat mobilizazioak egin zituzten atzo, eta baita gaur ere, Emakumeen Mundu Martxak deituta. Atzo, Bilbon elkartu ziren, 19:45ean, Arriaga aurrean, eta Iruñean, 20:00etan, Udaletxe plazan. Gaur, Donostian egingo dute, 19:00etan Bulebarrean, eta Gasteizen, 19:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.

CCOO eta UGT sindikatuek, berriz, atzo eguerdian egin zuten elkarretaratzea, Iruñean. Gizarteari, alderdi politikoei eta Nafarroako Gobernuari eskatu zieten emakumeen kontrako indarkeria erauzteko neurri zehatzak lantzeko. Hezkuntza sisteman berdintasunean hezteko neurriak hartzeko ere eskatu dute: «Hori da aurrera egiteko dugun modu bakarra».

Nafarroako Gobernuak, berriz,jakinarazi du epaiketan herri akusazio gisa aurkeztuko dela. Hala iragarri zuen Javier Remirez Presidentetza eta Berdintasun kontseilariak atzo. Indarkeria matxistaren kontrako foru legeak hala xehatzen du. Gobernuak erantsi du erabat «baztertzen eta gaitzesten» dituela hilketa eta emakumeen kontrako indarkeria guztiak.

Pinaren senarra, hilketako susmagarri nagusia, jendarmeek atxilotu zuten asteartean, Frantzian, eta geroztik preso dago. Parisera eraman behar dute, han erabakitzen direlako euroagindu eskariak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, gizona ez dute Euskal Herriratuko oraindik: itxaron egin beharko da. Bitartean, auzia Tuterako Instrukzioko 2. aretora pasatuko dute, hura arduratzen baita indarkeria matxistako kasuez. Ustezko erasotzaileak 41 urte ditu, eta, ikerketaren lehen hipotesien arabera, aurreko larunbatean edo igandean hil zuen Pina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.