Legez kanpokotzat jo dute sindikatu batek prostitutak ordezkatzea

Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi du horrek proxenetismoa legeztatuko lukeela. Sexu askatasuna ezin dela lan kontratu bihurtu dio

Erredakzioa
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuaren lurraldeetan diharduten prostitutek ezin dute sindikatu bat sortu, euren jarduna ezin delako lan gisa hartu. Hori ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Otras prostituten sindikatuaren auzian. Argudiatu du prostituten eta proxeneten arteko lan harremanak ezin direla «beste batentzako lan gisa hartu», hori eginda proxenetismoari legezko izaera emango litzaiokeelako, eta Espainiako legediak eta nazioartekoak hori debekatzen dutelako.

Abuztu hasieran Espainiako Lan Ministerioak ontzat eman zuen talde horren sorrera, sindikatuen erregistroan sartuz. Magdalena Valerio ministroak hilabete geroago izan zuen horren berri, BOE aldizkari ofiziala irakurri zuenean. Erabakiaren aurka azaldu zen, eta Laneko idazkari nagusi Concepcion Pascualek dimisioa eman zuen, erregistroa baimendu izana hari leporatu baitzioten.

Auzitegi Nazionalera Sozialen Arlora iritsi da auzia, Emakumeen Aurkako Tratu Txarrak Ikertzeko Batzordeak eta beste talde feminista batzuek, eta Espainiako Estatuaren abokatuak eta fiskaltzak jarritako salaketen bidez. Otras sindikatuaren defentsak argudiatu du taldearen egitekoa ez dela soilik prostituten lan baldintzak defendatzea, «lan sexualekin loturiko alor guztietan» —pornografian, adibidez— dihardutenenak ere defendatu nahi dituela.

Auzitegiaren arabera, baina, oinarrian norbanakoaren askatasun sexuala dago, eta azaldu du gisa horretako jardueretan «askatasun hori beste pertsona baten menpe dagoenez» ezin dela lan kontratu gisa hartu. Otras sindikatuak jakinarazi du helegitea jarriko duela ebazpenaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.