Ana Delgado. APRAMP elkarteko kidea

«Emakumeen salerosketaren errealitatea oso konplexua da»

Emakumeen sexu esplotazioaz jardun da Delgado EHUren uda ikastaroetan. Esplotazioa jasan izan duten emakumeak aritzen dira eurei laguntzen, APRAMP elkartearen bidez.

APRAMP.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Esklabotza sexualaren aurka sareak ehuntzen jarri diote izena EHUko uda ikastaroetan egindako saioetako bati. Uztailaren 1ean eta 2an egin zuten, online, eta «praktika onen» eredu gisa hartu zuen hitza Ana Delgadok (Aranda de Duero, Espainia, 1979). APRAMP elkarteko kidea da, eta salerositako emakumeei esplotaziotik ateratzen laguntzen die, bertze hainbatekin batera.

 

30 urte baino gehiago daramatzazue lanean. Nola aldatu da egoera urteotan guziotan?

Lehen, Espainiako emakumeak izaten ziren gehienak, bazterreko eremuetatik zetozenak, edota droga mendekotasuna zutenak. Baina, bat-batean, Ekuadorko emakumeak etortzen hasi ziren, brasildarrak... eta, gainera, oso modu kontrolatuan. Sexu esplotazioa ez da fenomeno natural bat: norbaitek antolatzen du. Lehen, hiruzpalau neska zituen proxeneta enpresari handia zen; orain, sare anitzez handiagoak dira, modus operandi oso ezberdinekin, datozen herrialdearen arabera. Badira sare oso egituratuak, edota familia sare oso txikiak. Baina, azkenean, kontsumo objektuak, dirua sortzen dutenak, eta esplotatuak direnak, beti, emakumeak eta neskak dira.

Nola detektatzen dituzue?

Unitate ibiltari bat dugu, salerosketatik atera diren emakumeek osatua eta kulturarteko bitartekaritzan formatua dagoena. Emakumeak esplotatzen dituzten lekuetara joaten dira, eta, pixkanaka, harreman bat sortzen da. Emakumeen salerosketaren errealitatea oso konplexua da, eta indarkeriaz betea dago. Beraz, ezin zara joan GKE batetik eurek salbatzera zoazela erranez: zakutik hartzera bidaliko zintuzkete. Inurri lana da, pixkanakakoa.

Zergatik botatzen zaituztete atzera?

Emakume horietako anitzek ez dute euren burua delitu baten biktimatzat, eta ezin dituzu zeure eskubideak aldarrikatu ez badakizu eskubide direla. Emakume anitzek, gainera, normalizatua dute migrazio prozesuren barnean prostituzioan jardutetik pasatu beharko dutela. Eta proxeneta batentzat ari beharko dutela, sare batentzat, «zainduko» dituen madame batekin...

Nola bereizten dituzue salerositako emakumeak eta prostituzioan beren borondatez ari direnak?

Borondatezko prostituzioa zalantzan jartzen dugu guk, pixka bat, errealitateak erakusten digunarengatik. Norbaitek erraten badizu hor dagoela nahi duelako, gero gibelean beti egoten dira behar ekonomikoak: lanarekin loturikoak edo familiaren zaintzarekin, adibidez. Badira adierazle batzuk, halere, erakusten dutenak delitu baten biktima izaten ari direla, eta nazioartean tipifikatuak daude.

Zein dira adierazle horiek?

Zor bat edukitzea, diruaren kontrolik ez izatea, ezin erabaki ahal izatea zein gizonekin, gelagatik ordaindu behar izatea... Guretzat, prostituzioan ari den emakume bat, momenturen batean erraten dizuna ez duela hor egon nahi, esplotatua den pertsona bat da. Izan daiteke testuinguru sozioekonomikoagatik, proxeneta batengatik, sareagatik edo diru hori eskatzen dion familiarengatik; baina hor egon nahi ez badu... Eta hor egon nahi ez dutenen ehunekoa oso handia da: %95 inguru.

Zer zailtasun dauzkazue lan egiteko garaian?

Zailtasunak? Denak. Kontuan har ezazu emakumeak esplotatuak dauden lekuetan sartzen garela, eta erabat kontrolatuak daude hor. Zailtasunak oso handiak dira. Lehenik, hor sartu ahal izatea, emakumearekin hitz egin ahal izatea, eta ez dadila izan arriskutsua harentzat... Beldurraren, izuaren eta konfiantza faltaren hesiak gainditu behar dira. Zeren, noski, bizi prozesu oso gogorrak izaten baitituzte: batzuk 10 urteko umeak zirela atera ziren euren herrialdetik, bereziki Saharaz hegoaldeko Afrikakoak. Herrialde ugari gurutzatu dituzte oinez, basamortu bat zeharkatu dute, bidean bortxatu dituzte, Marokon edo Libian sexu esplotazioa jasan dute, patera batean sartu dira eta jendea hiltzen ikusi dute... Hona iritsi, eta inork ez die lagundu, edo jaso duten laguntza guztia diruak edo sexuak baldintzatua izan da. Eta, gainera, bide horretan zehar erran diete ez dutela deus balio. Haiengana zoaz, zure aurpegi onenez eta mundua aldatzeko gogoz, baina...

Nola lortzen duzue hurbiltzea?

Osasun arreta, arreta juridikoa eta soziala ematen dizkiegu, eta horri eta konfiantza espazioak sortzeari esker, emakume horiek ezin dutenean gehiago, badakite nora deitu: ezagutzen gaituzte.

Erran duzu antzeko prozesuetatik igaro diren emakumeak direla gero bertzeei laguntzen dietenak. Zein garrantzi du horrek?

Handia. Bizirik iraun dutenak dira, herrialde berekoak, eta, beraz, euren hizkuntza berean mintzatzen dira, baita euren hizkuntza kulturalean ere: ulertzen dituzte kodeak, eta hori funtsezkoa da, maiz zaila baita harreman bat sortzea, mundu oso ezberdinez ari garelako. Gainera, errealitate hori ezagutzen dute, eta hortik ateratzea posible delako adibide dira. Horrek laguntza ematen die beste hainbeste egitea erabakitzeko.

Prostituzioa uztea erabakitzen dutenean, zorrak eta erlijioak zer pisu dute gero?

Hori da hurrengo muga: ateratzea erabakita, erran behar zaie zor hori ordaintzeari utzi behar diotela, legez kanpokoa baita. Baina anitzentzat hori gogorra da, pentsatzen baitute izenpetu duten kontratu bat dela. Salaketa jartzen dutenek babes handiagoa dute, baina beti dago beldurra sareak deituko ote dituen, senideen bidez-edo... Familiak ere izan ditzake ondorioak, edota, maiz, salerosketa prozesuak familiatik bertatik hasten dira... Denetarik dago, eta ezin dugu dena kontrolatu: haiek hartu behar dituzte erabakiak; gu laguntzeko gaude.

Erlijioaren eragina ere testuinguru batzuetan ikaragarria da. Saharaz hegoaldeko Afrikan, adibidez, buduaren kontua oso garrantzitsua da: mundu ikuskera oso bat da, eta oso zaila da horrekin haustea. Kausa-efektu ulerkera bat dute: «Kontratua hausten badut, hil naiteke». Sinplista dirudi, baina horrela da, eta garrantzitsua da ulertzea.

Nola buka daiteke esplotazioa?

Nik baneki! Guk arlo guztietan eta fronte guztietan egiten dugu lan. Nazioarteko arazo bat dela ulertu behar da: eurek ez daukate mugarik eta etengabe mugitzen ari dira. Guk aitzinetik joan behar dugu, baina beti goaz gibeletik. Garai onean gaude aitzina egiteko, halere: genero ikuspegitik eta giza eskubideenetik.

Euskal Herrian kasu anitz ari dira azkenaldian azaleratzen. Gaia gehiago lantzen ari delako da?

Denetarik pixka bat dago. Anitz aitzinatu da azken urteotan. 2016tik, adibidez, elkarlan handiagoa dago Poliziarekin. Haientzat zaila da honetan lan egitea, emakumeek ikusi baitute herrialde bateko zein besteko poliziak —eta salbuespenik gabe— sareen konplize direla, eta erabiltzaile ere bai. Anitz kostatzen zaie konfiantza izatea. Zorionez, honetan ere ari gara aitzina: formakuntza eta kontzientzia areagotzen ari da polizien artean, eta fruituak ematen ari da. Sare bat desegiteko, dena den, urteetako lana behar da. Komunikabideekin ere badago lana, morbotik ateratzeko. Oraindik anitz dago egiteko, baina, pixkanaka, ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.