Cort besteen lanaz baliatu da Vueltan berriro irabazteko

Danimarkarra esprintean gailendu zaie Baglioli eta Matthewsi. Eroriko arina izan du Roglicek

enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Edozein lekutan eta edozein modutan irabazteko kapaza da Magnus Cort (Education). Horren erakusgarri dira Vuelta honetan lortu dituen bi garaipenak: ihesean eta maldan gora lortu zuen bata; eta esprintean bestea, atzo Kordoban amaitu zen etapan. Danimarkarrak etekina atera zion UAE eta Bike Exchange taldeek ihesaldiak ezerezteko egindako ahaleginari. Asko zor dio Jens Keukeleire taldekideari ere, esprinta maisuki bideratu baitzion. Danimarkarrak ez zuen hutsik egin, eta Andrea Baglioli (Deceuninck) eta Michael Matthewsen (Bike Exchange) aurretik sartu zen helmugan.Bestalde, lidergoari beste egun batez eutsi zion Odd Christian Eikingek (Wanty).

Bi mendate zeuden azken 60 kilometroetan, hirugarren mailakoa bata, eta bigarren mailakoa bestea. Faboritoek ez zuten erasorik egin, baina alarmak piztu zituen erorketa batek: kaltetuen artean zeuden Primoz Roglic (Jumbo) eta Adam Yates (Ineos). Halere, arazorik gabe egin zuten bat tropelarekin.

Hasiera batean, zortzi txirrindularik egin zioten desafio multzo nagusiari, Mikel Iturria (Euskaltel) eta Julen Amezketa (Caja Rural) tartean zirela. Azken mendatean harrapatu zituzten, eta segidan, maila handiko saiakera egin zuten Giulio Cicconek (Trek), Jay Vinek (Alpecin), Romain Bardetek (DSM) eta Sergio Henaok (Qhubeka). Oso estu hartu zuten tropela, eta azken kilometrora arte eutsi zioten sokatirari. Bike Exchangek indar betean jardun behar izan zuen jazarpenean. Bazeraman Matthews esprinterantz, eta halako batean, suziria bezala atera zen Keukeleire, gero Cortek ginga jar zezan. Danimarkarra Vuelta honetan bi garaipen lortu dituen bosgarren ziklista bihurtu zen. Guztira, bost etapa ditu irabaziak lasterketa espainiarrean: bi 2016an, bat iaz, eta beste bi aurten.

203 kilometroko etapa laua jokatuko da gaur. Fabio Jakobsen (Deceuninck) izango da faboritoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.