Imanol Ansa. Erremontista

«Nire helburua, oraingoz, finalerdietako azken postua saihestea da»

Ansa II.ak gaur jokatuko du Kutxabank torneoko finalerdietako ligaxkako lehen partida, 16:00etan Urrizaren aurka. Estreinakoz sailkatu da, Ezkurra II.ari nagusitasunez irabazi ondoren. Konfiantza dauka.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Urnieta
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Imanol Ansa (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) Urnietako Setien sagardotegian elkartu da kazetariarekin. Haren osabarena da, eta ahal duenean bertan lanean aritzen da bera ere. Gogotsu eta ilusioz dago finalerdietarako.

Gaur jokatuko duzu Urrizaren aurka Kutxabank torneoko finalerdietako ligaxkako lehen partida. Aurkari gogorra. Nola ikusten duzu?

Bai, oso partida zaila izango da. Urrizaren aurka jokatzeko aukera hau oso berezia da niretzat. Azkenengo lau urteetan txapelketa hau prestatzen lagundu izan diot, eta bat-batean ni izango naiz bere aurkarietako bat. Berarekin entrenatzen ibilia naiz, eta badakit nolako zailtasuna duen Urrizari irabazteak; ahal dudan guztia emango dut. Ilusio handia dut.

Pronostikoa hautsita, Ezkurra II.a erraz gainditu zenuen final-laurdenetako ligaxkako azkenengo partidan. Nola sentitu zinen?

Niretzat izugarria izan zen. Uste dut inork ez zuela espero nik emaitza hori lortzea. Partida parekatua espero nezakeen, baina inondik inora ere ez emaitza hori. Konfiantza hartzeko balio izan zidan. Oso egun berezi bezala gogoratuko dut.

Ezkurra II.a faborito izateak presioa kendu zizun gainetik?

Bai. Lehenengo fasean nahiko faborito nintzen, eta irabazi behar horrek tentsio gehiago sortu zidan. Ezkurraren aurka gozatzera irten nintzen, horrelako presiorik gabe. Horrek lagundu zidan hobeto jokatzen.

Partida ondo landuta izango zenuen.

Patxi Zeberio botileroarekin hitz egin nuen nola jokatu behar nuen. Berak oso ondo ezagutzen ditu bi ezkurratarrak, osaba eta iloba. Aztertuta genuen nolako jokoa egin behar nuen Ezkurrari aurre egiteko.

Hurrengo fasera begira pizgarria izan da?

Bai, zalantzarik gabe. Nik Ezkurra II.arengatik hitz egin behar banu, esango nuke dagoen pelotaririk onenetarikoa dela. Maila ikusgarria du. Berari irabazteak pentsatzera eraman nau; nik ere zerbait ondo egingo nuen.

Sakean egon zen gakoetako bat. Hamahiru tanto egin zenituen.

Aurten, beste partidetan izan dudan ahulunea sakea izan da. Egun honetan zerbait aldatu behar nuela erabaki nuen. Ez negoen eroso sakearekin. Goiko posturatik ateratzen hasi nintzen. Lehenengo tantotik arriskatu nuen, eta ondo atera zitzaidan. Ni neu ere harrituta geratu nintzen nolako sakeak egin nituen.

Finalera sailkatzea da zure helburua?

Tira. Orain, nire helburua lau postu horietatik azkenengoa saihestea da. Lehenengoa finalera joango litzateke, eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdiak jokatuko lituzkete. Oraingoz, finalerdietarako sailkatzea da nire helburua. Hori lortuz gero, ikusiko dugu.

Txapelketa irabazteko aukerak ikusten dituzu?

Ilusioak beti egin behar dira, eta nik ere esperantza txiki batzuk baditut. Hala ere, errealista izan behar dut. Aurkariak beste maila batean daude, eta ia ezinezkoa da. Esperantza apur bat badut, ordea.

2015ean egin zenuen debuta. Nola oroitzen duzu?

Niretzat, debuta oso berezia izan zen. Erremontean hasi nintzenean oso txikia nintzen, eta beti galtzen nuen. Ez nuen pentsatzen egunen batean debutatzera iritsiko nintzenik. Kirol ibilbidean izan dudan egunik politena izan da. Ordutik final batzuk jokatu ditut, baina ederrena debuta izan zen.

Zure kirol ibilbidean haziz joan zara etengabe. Nolako balorazioa egingo zenuke?

Positiboa. Nahiko ondo hasi nintzen, baina urtebete ingurura geldialdi bat izan nuen. Oso zorrotza naiz neure buruarekin, eta uste dut behar baino gehiago eskatzen niola. Gero, ibilbidearen erdian, belauneko lesio bat izan nuen. Bi ebakuntza behar izan nituen. Nahiz eta lesioarekin asko sufritu, ikasteko balio izan zidan. Gauzak lasaiago hartzen ikasi nuen, eta baita esfortzua baloratzen ere. Ez nuen etsi, eta gogor entrenatzen jarraitu nuen. Orduan egindako lana fruituak ematen ari da orain.

Garairik onenean zaudela esango zenuke?

Bai. Debutatu nuenetik, jokoari dagokionez behintzat, nire garairik onenean nagoela esango nuke.

Hala ere, hobetzeko tarte handia duzu oraindik, ezta?

Ez dakit. Esperientzia falta zait, adinak ematen dizun lasaitasun eta segurtasun hori. Hortik aurrera, ez dakit.

Zer helburu dituzu?

Ilusiorik handiena egiten didana noizbait buruz buruko txapeldun izatea da. Presarik ez daukat, baina hori da nire helburuetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.