Errusiako Munduko Kopa. D multzoa. Nigeria

Aurreko lanak ondo eginda

Aurreko lanak ondo eginda.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Azkeneko bi Afrika Kopatan ez da egon Nigeria, baina lortu du Munduko Koparako sailkatzea. Norabide aldaketa baten zantzuak antzeman daitezke hor. Bide on horretan sartzeko, lehen lana Gernot Rohr alemaniarra entrenatzaile jartzea izan zen, 2016an. Bigarrena, Afrikako selekzioei falta izaten zaiena ematea izan da, eta Rohrrek lortu du: sendotasunez janztea taldea. Baita jokalari guztiek entrenatzaileak zehaztutako bidetik ez ateratzea ere.

Behin txapelketarako sailkatuta, Afrikako selekzioetan ohikoa ez dena egin zuen Nigeriako Federazioak: diru sariak lotzea jokalariekin. Duela lau urteko Munduko Kopan, jokalariek uko egin zioten entrenatzeari Frantziaren aurka jokatu baino lehen, Federazioak agindutako dirua ez zielako ordaindu. Beste urrats bat ere egin du aurrera Federazioak, iraganeko okerrak zuzentzeko asmoz: entrenatzailea beste bi denboralditarako lotu du, lan horren jiran izan ohi duten ziurgabetasuna kolpe on batekin moztuz.

Lehen aldia izan daiteke Afrikako selekzio bat aurreko lan horiek guztiak ondo eginda heltzen dena Munduko Kopara. Orain, jokalarien txanda izango da, zelaian erakutsi beharko baitute oinarri sendoarekin joan direla. Rohrrek defentsako lana eta kontraerasoa ditu jarriak jokoaren oinarri gisa, eta erasoan, bereziki, baditu oso jokalari azkarrak eta trebeak.Alex Iwobi nabarmentzen da azken metroetan. Dabiltzala kontuz Nigeriarekin multzo honetako aurkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.