Errusiako Munduko Kopa: A multzoa. Egipto

Salah ez dago bakarrik

Salah ez dago bakarrik.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hirugarren aldiz ariko da Egipto Munduko Kopan, eta oso urrun daude aurreko bi aldiak: 1934an izan zen lehendabizikoa, eta 1990ean bigarrengoa. Bietan ez zuen lehen fasea gainditu ahal izan. Beste kontu batzuk ageri dira Afrika Kopan, azken hamabi urteetan hirutan izan baita txapeldun eta behin bigarren, iaz hain zuzen. Entrenatzaile ezaguna du aulkian, Hector Cuper argentinarra, eta izar nagusia Mohamed Salah da, Liverpooleko aurrelari golegilea. Haren inguruan antolatua dago taldea, eta Cuper izanda entrenatzailea, defentsako lana eta kontraerasoa ditu ardatz. Herrialdean bertan, kritika gogorrak egiten dizkiote argentinarrari defentsako lanari aparteko garrantzia ematen diolako, baina azkeneko emaitzak onak izan dira, eta, gainera, garbi asko erantzun die kritikoei: «Erasoan ondo aritzen da defentsako lana ona denean».

Taldean jokalari gazteak eta beteranoak daude, eta ez da nahasketa txarra. Berez dira lehiakorrak egiptoarrak, eta hori ere mesedegarri da honelako txapelketa motzetan. Multzo ona tokatu zaio, neurriko aurkariak baitauzka, eta horrek aukerak ematen dizkio aurreneko fasea gainditzeko. Itxuraz, eta aldez aurretik begiratuta, lehia Errusiarekin izango du bigarren lekua eskuratzeko, baldin eta Uruguaik uste zaion nagusitasuna erakusten badu. Dudarik ez da talde deserosoa izango dela multzoko beste hiru aurkarientzat, opari gutxi izango baitituzte. Salah behar bezala osatzen bada sorbaldako lesiotik, arriskutsua ere izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.