Errusiako Munduko Kopa. H multzoa. Senegal

2002ko balentria nahi

2002ko balentria nahi.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Handia egin zuen Senegalek 2002ko Munduko Txapelketan: aurreneko aldiz sailkatu, eta final-laurdenetan sartu. Besteak beste, Frantzia azken txapelduna kalean utzita multzoen fasean. Orain du bigarren parte-hartzea, hamasei urte geroago, eta, halakoetan gertatzen den bezala, hasi dira alderaketak egiten bi selekzioen artean, bi garaien artean. Berriz ere egin dezakeela handiren bat eta antzekoak. Urrunago ere joan dira konparazioak, eta egungo izarra, Saudio Mane, ordukoarekin parekatu dute, El Hadji Diouf aurrelariarekin. Ez dezala Manek Dioufek egin zuen ibilbidea egin gero, erabat alderrai ibili baitzen.

Aulkian, Senegalek badu berrikuntza, ez baita izango atzerriko entrenatzailea, etxekoa eta herrialdekoa baino: Aliou Cisse. 2002ko selekzioan eta gerora ere taldean zena, erdilaria eta kapitaina. 1999tik sei izan dira etxeko entrenatzaileak, baina, Amara Traorek izan ezik (2009-2012), oso gutxi iraun zuten lanean.

Cissek talde sendoa osatu du lerro guztietan, eta Maneren distira argitsua izan dadin ez da oinarri ahula. Taldekideen babesa duela, Liverpooleko aurrelari golegilea bereak eta bi egiteko gai da. Baditu beste jokalari garrantzitsu batzuk ere: esate baterako, Koulibaly erdiko atzelaria (Napoli) eta Keita Balde aurrelaria (Monako). Jokalari guztiak ari dira Europan jokatzen, eta, talde handi-handietan ez badaude ere, kontinente zaharrean aritzeak lehiakortasun ona emango die. Ez agian 2002ko ezustea berriz emateko adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.