Eta zergatik ez?

LGTBI komunitatea besoak zabalik hartzen du udan Fire Islandek, AEBetan. Oporretan ongi pasatzeko tokia da, jendea epaitzea alde batera uzten den lekua. Kolore eta dibertsio koktel hori iruditan bildu du hamabost urtez Luis Foncillas 'Koitz' argazkilariak, eta, orain, liburu bat kaleratu du AEBetan ere ezkutuan geratu ohi den uharte horri buruz.

Gay Flag, Cherry Grove 2012. KOITZ.
Iker Tubia.
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun

Kolorea, alaitasuna eta besta irudikatzen dituzte Luis Foncillas Koitz New Yorken bizi den argazkilari iruindarraren irudiek. Hamabost urtez jo du Fire Island uhartera uda pasatzera, bera bizi den hiritik 100 kilometrora. Hori da LGTBI komunitateko jende anitzentzat udako helmuga. Izan ere, norbera izateko toki bat da: «Hemen askatasun osoa dago; inork ez du bestea epaitzen». Denbora horretan guzian ateratako argazkiekin liburu bat kaleratu du Koitzek: Koitz Gay Fire Island. Asteon salgai paratu dute Euskal Herrian ere, Elkarren bidez.

 

Patrick Ryan idazle estatubatuarrak Fire Islandera egindako lehenbiziko bisita kontatzen du liburuaren aitzinsolasean. Testu horretan modu honetara laburbiltzen du uharteko giroa: «Argazkiek erakusten duten moduan, Fire Islanden galdera inoiz ez da 'zergatik?'. Fire Islanden galdera beti da: 'Zergatik ez?'». Askatasuna baitago jokoan. Hala azaldu du Koitzek: «Egunerokoan normaltasunaren parte gara. Jende arrunta gara, hona etorri eta modu honetan jokatu nahi duena».

'Friends', Fire Island Pines 2010.

Uhartean 17 komunitate daude, eta horietako bi LGTBI jendeak osatzen ditu: Cherry Grove eta Fire Island Pines. Cherry Grovekoa 1920ko urteetan sortu zen, eta gay eta lesbianen AEBetako lehenbiziko komunitatetzat daukate. Pines handiagoa da, etxe handiagoak ditu, eta taldetan hartzen dituzte udako apartamentuak. Cherry Groven jende zahar gehiago dagoela dio Koitzek, baita lesbiana gehiago ere. Bi uharteak parke federal batek banatzen ditu, eta ontzia behar da batetik bestera ibiltzeko.

Uharteetara ailegatzeko ere beharrezkoa da. Gainera, ez da autorik han; beraz, ez dago beste garraiobiderik bertaratzeko. New York hiritik ordu eta erdira dago Fire Island, baina, hala ere, oraindik «nahiko ezezaguna» dela uste du Koitzek; prentsan, adibidez, ez da asko ateratzen. «Nahiko toki ezkutua da. Jendeak badaki hemen gay, lesbiana, trans eta bisexualak daudela, eta zera ematen die... erreparoa edo... Lehen irri egitera etortzen ahal ziren batzuetan, baina orain ez dira ausartzen, asko baikara».

‘Beach Day’, Fire Island Pines (FIP) 2015.

Han bizi dena agertzeko saioa da liburua. Fire Islandeko bi egunkarietako batentzat lan egin zuen Koitzek lau udatan, eta horrek denetariko bestetan egoteko aukera eman zion. Gerora ere jarraitu zuen argazkiak egiten: lagunei, erretratuak egiten... Irudietan jendea ageri da, eta alaitasuna: «Ikuspegi alaia eman nahi dut, dibertigarria. Hori existitzen da; hori ikus dezakezu. Badira momentu txarrak, baina nik zoriontasuna islatu nahi nuen, unean-unean nahi duzuna egitearen irudia», azaldu du argazkilariak. «Hauek dira gure komunitateak. Hemen denak onartzen ditugu, baina ez daitezela gure arauak aldatzera etorri».

Barneko begirada

Lana modu zintzoan egin duela nabarmendu du Koitzek: «Ez dut inguruan dudan deus ere aldatzen; uzten dut eszena bere kasa garatzen, eta, une egokia dela ikustean, argazkia egiten dut, baina eskurik sartu gabe, poserik gabe, inori esan gabe zer egin behar duen edo zer ez». Are, azaldu duenez, saiatzen da oharkabean igarotzen bere lana egiterakoan.

Begirada zintzoa eta konplizea da Koitzena, barnetik ezagutzen baitu Fire Island, ongi ezagutu ere. Haren aburuz, garrantzitsua da kideek hitz egitea komunitateaz. «Ez da kanpotik etorri den argazkilari bat, etortzen dena trufa egitera edo. Zuk egiten duzunean, normaltasun horren parte zara». Modu horretan, beste mezu bat eman nahi du argazkien bidez: normaltasunarena.

Irudien artean ikus daiteke Fire Islandeko bestarik berezi eta garrantzitsuena: uztailaren 4koa. AEBen independentzia ospatzen da egun horretan, eta Pinesko inbasioa egiten dute. «Duela 44 urte taldetxo bat Pinesera joan zen emakumez jantzita. Ostatuan ez zieten deus zerbitzatu, eta haserre itzuli ziren. Bueltan, inbasio bat egitea pentsatu zuten», kontatu du argazkilariak. «Baina, Pinesera joatean, primeran hartu zituzten, edariak dohainik ere eman zizkieten. Hasieran bazterketa izan zena, gero kontrakoa izan zen». Orain, ehunka drag queen eta drag king biltzen dituen besta erraldoia da.

Aurten ezinen da halakorik egin, COVID-19aren pandemiarengatik. Baina noizbait itzuliko da kolorea eta alaitasuna Fire Islandera. Oraingoz, horren lekuko da liburua. Komunitatearen erretratu koloretsu eta alaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.