Brasilgo Munduko Kopa. G multzoa. Ghana

Oso goian dauka muga

Oso goian dauka muga.
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Asamoah Gyan penaltia botatzera. Parez pare Muslera, Uruguaiko atezaina. 2010eko Hegoafrikako Munduko Kopa. Final-laurdenak. Azkeneko minutua. Kale egin zuen Ghanako aurrelariak, eta gero, handik ordu erdira, berdinketa hausteko penalti jaurtiketetan, Uruguai sailkatu zen finalerdietarako. Akabo herrialde baten ametsa, kito kontinente osoa baten balentria. Sartu izan balu Gyanek aurreneko penalti hura, Afrikako selekzio baten inoizko emaitzarik onena izango zen Munduko Kopa batean. Handik lau urtera, ia bera da selekzioko jokalari multzoa, eta ondo gogoan dute Ghanan 2010eko lan bikaina. Eskatu, gauza bera eskatzen diote orain ere, baina goian dago langa, oso goian muga. Gaitasuna badute jokalariek marka bera egiteko, hor duda handirik ez da. Beste kontu bat izango da zelaian erabiltzea baliabide on horiek. Multzo petrala dauka aurrean, eta Alemaniaren eta Portugalen azpitik dago aurreikuspenetan. Bi horietako bati aurrea hartzea ezustea litzateke neurri batean, baina gertatu dira handiagoak Munduko Kopetan. Talde sendoa izanagatik ere, jokalari batzuek aparteko distira egiten dute Kwesi Apiah herrkidearen selekzioan; hauek, esaterako: Gyan (Al Ain, Arabiar Emirerri Batuak), Michael Essien (Milan), Kevin Boateng erdilaria (Schalke 04), Muntari (Milan) eta Asamoah erdilaria (Juventus). Afrikako selekzioen artean sendoena dela esan daiteke, fidagarriena. Eta konfiantza hartzen badute emaitza onekin, kontuz Ghanarekin multzo honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.