Itoizko ubidearen bigarren fasea berpiztuko duela iragarri du Txibitek

Lur azpiko bi hodi egingo dituzte, Pitillas eta Ablitas herrien artean. Lanek 158,5 milioi euroko kostua izanen dutela iragarri dute

Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Kosta ahala kosta, aurrera. 2011. urtean amaitu zuen Nafarroako Gobernuak Itoizko urtegiko ura Erriberara eramateko ubidearen lehen fasea. Bigarren fasea, baina, zintzilik gelditu zen, ez aurrera ez atzera. Urteetan lanak atzeratu ostean (eta milioika euroren gainkostua pilatuta), Uxue Barkosen gobernuak erabaki zuen proiektua moldatzea eta, bigarren faseari ekin ordez, lehen fasean egina zegoen azpiegitura zabaltzea, «eraginkorragoa eta merkeagoa» izanen zelakoan. Orain, UPNren agintaldiaz geroztik hilda zegoen egitasmoa berpiztu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, bigarren fasea eraikitzeko lanei ekitea adostuta.

Azpiegitura, baina, ez da UPNren garaiko berbera izanen: oraingoan, aire zabaleko ubide baten ordez, lur azpiko bi hodi egingo dituzte, egungo ubidea bukatzen den puntutik (Pitillasinguruan), Ablitaseraino. Ubidea kudeatzeaz arduratzen den Canasa sozietate publikoak jakinarazi duenez, 70 eta 80 kilometro arteko luzera izanen dute hodiek, eta Aragoi, Ebro eta Queiles ibaien, Bardeen eta A-68 eta AP-68 autobideen azpitik igaroko dira. Ubidearen trazaduran 11 hargune eta bi putzu ere egingo dituzte: bat Pitillasen bertan (0,45 hektometro kuboko edukiera izanen duena), eta beste bat Tuteran (9,06 hektometro kubokoa).

Sustatzaileen arabera, 21.522 hektarea ureztatzeko aukera emanen du azpiegitura berriak, eta 158,5 milioi euroko kostua izanen du. Denera, 1.751 milioi euroko gastua eragin die Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak Nafarroako eta Espainiako administrazioei, Rosario Brinquis adituak 2012an eginiko analisiaren arabera. Hasieran uste zen baino 550 milioi gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.