AEBetan eta Iranen batera egotea, nekez

Euskal enpresak hurbiltzen hasiak ziren Iranera, aukera berrien bila, eta egoera aldatzeak zer ondorio izango zain daude, bereziki gatazkaren bi aldeetan negozioak izan nahi dituztenak.

Tubacexeko eta Irango Gobernuko ordezkariak, hornidura kontratua sinatzen, iazko maiatzean. MARINA VILLEN / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Bahimenduaren amaierak berpiztu zuen euskal enpresek Iranekin zuten interesa. Hogei urtez, merkataritza ganberek bidaia komertzialak antolatu izan dituzte Iranera, eta badira harreman komertzial luzea duten enpresa batzuk. Haatik, akordio nuklearrak ikusmina igo zuen. «Merkatu oso handia da, eraldaketa eskulangintza helburu duena, eta sektore horietan geure enpresen parte-hartzea egon daiteke: petrolioa, gasa, autogintza, edo energia interesgarriak dira geuretzat», azaldu du Amaia Ferrok, Gipuzkoako Bazkundeko Nazioartekotzeko zuzendariak.

Merkatu erakargarria da, baina konplexua, aldi berean. Blokeo politikak ondorio zuzenak izan ditu. «Irango enpresei finantzaketa falta izan zaie behar dutena erosteko eta inbertitzeko. Kanpotik eskuratzea oso zaila izan zaie, eta barrukoak lotura zuzena du petrolio salmentaren martxarekin; hori ere mugatuta izan dute», zehaztu du Ferrok. Merkatu protekzionistak garatu ditu industria propioak halabeharrez. «Merkatu itxi samarra izan da. Inguruko beste herrialde batzuetan bezala, konfiantza eta elkar ezagutzea ezinbestekoa dira negozioak egiteko; hango norbaiten eskutik joan behar duzu». Muga-zergak, burokrazia eta finantzaketa izan dira Iranera hurbildu diren enpresek gainditu beharreko hesiak.

Akordio nuklearraren ondoren, harreman komertzial horiek garatuz joan dira. Hego Euskal Herriko esportazioak 51 milioi eurokoak izatetik 116 milioi eurora pasatu dira 2015etik 2017ra. Hazkunde esanguratsua da, baina esportazioen errekor baten barruan ere kokatu behar da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek kanpoan egiten dituzten salmentei erreparatuta, Iran zerrendako 40. herrialdea izan zen joan den urtean. Nagusietatik urrun.

Konpainia batzuek honezkero jarriak zituzten harreman horretan sakontzeko oinarriak. Tubacexek iragarri zuen akordiorik sonatuena. Arabako hoditeria ekoizleak 556 milioi euroko kontratua sinatu zuen NIOC Irango petrolio konpainia publikoarekin, hiru urterako. Tubacexek inoiz sinatutako kontraturik handiena izan da. Trumpen erabakiak arriskuan jarri du negozioa. Zuzendaritzakziurtatu du bermatua dagoela aurtengo kontratuaren partea, eta aurrera begirako xehetasun gehiagoren zain dago.

Merkataritza ganberek azarorako dute iragarria hurrengo bidaia komertziala. Ferrok zalantzak ditu Europak egin dezakeenari buruz. «AEBetan interesak badituzu eta Iranen egon nahi baduzu, ez da posible izango. Gainera, laguntzeko edozein akordio eginda ere, enpresentzat finantzaketarik ez badago, ezingo dute produkturik saldu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.