Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Berandu

2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Berandu nator beste behin. Baina zer nahi duzue, aktualitatearen erritmoak biziegiak dira, nekeza da zutabegileak bere lerroetan azken gertaerak harrapatzea. Horretarako daude Twitter, Twitch edo nik zer dakit, egunkarietako albisteen orriak, esaterako. Amaitu da Late Motiv, zazpi urtez Andreu Buenafuente eta El Terrat-en txokoa izan dena, Espainiako umorearen erreferentzia nagusia; eta dena esan behar bada, hegoaldeko euskaldun askoren buru-bihotzetan bere txokoa izan duena. Late night talk showak zer ziren Buenafuenterekin ikasi genuen askok, eta Movistar etxean garatu duen hau izan da zera horren garapen borobilena. Formatu identifikagarria bezain malgua izatea lortu dute: kolaboratzaileak berrituz, gonbidatuen profil anitzari esker, esperimentazioari eta jolasari tokia eginez. Aurkezle nagusiaren faltan egindakoa da horren adibide onena: kolaboratzaileek, aurkezle lanetan txandakatuz, ordezkatu izan dute. Horrek erakusten du saioaren beste dohain bat: makina bat umoristarentzat izan dela ofizioa ikasteko eremu; probatzeko, trebatzeko —itxuraz behintzat konfiantzazkoa eta erosoa den espazio batean.

Alde ilunagoak ere azaleratu dira azken hilabeteetan saioarenak baino, Movistar plataformarenak Bob Pop kazetariak kateak saiotik kaleratu zuela salatu baitu berriki. Baina, oro har, Buenafuenteren botere mediatikoaren babesean —bere alde on eta txarrekin euskarazko telebistan inoiz gutxitan ikusi dugun kritikotasunez eta autonomiaz aritu dira bertan dozenaka umorista.

Umorezko saio kategoria txiki samar geratzen zaio, ordea, estuegi. Zuzeneko musikak ere merezi du aipamena. Litusek eta bandak 900 saiotan zehar jantzi dute Late Motiv, eta ez soilik musikari gisa. Bihurtu dira, oso maiz, berriketa eta jokoaren parte. Musikari gonbidatuak ere izan dira bertan zuzenean kantatzen; tartean, Olatz Salvador, Iñaki Salvador eta Gorka Urbizu. Hizketarako tarterik gabe bada ere, haien lanak aurkezten ikusi ditugu.

Berandu nator, baiki, Olentzero edo Mari Domingiri ezer eskatzeko ere. Baina, urteko edozein egunetan eskatzea libre denez oraindik, Late Motiv-en pareko zerbait nahi nuke euskaraz nik: gazte zein helduentzat erreferentziazko bilakatuko den saioa, telebistan emitituagatik arrakasta izango duena sareko formatu laburragoetan ere, dozenaka umoristarentzat —zenbat eta talde anitzagoa hobe— lehen pausoak emateko espazioa izango dena, eta, batez ere, izango duena nahikoa autonomia, aldian aldiko gobernuen interes eta mugetatik libre, umore kritikoa egiteko. Kolore askotako umorea, ahal dela. Zuriak aspertu gaitu aspaldi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.