Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Beroaren bila

2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan hotza bat-batean iritsi da. Kalera ateratzerakoan elurra, euria, haizea eta tenperatura oso baxuak aurkitu ditugu. Horregatik, etxera iristerakoan beroaren bila sartzen gara, eta kalean dugun egoeraz ahazteko zerbait bilatzen dugu. Berogailua piztu, etxean egiteko ditugun gauzak amaitu eta ahal dugunean sofan esertzerakoan, manta gainean jarri eta telebista pizten dugu beroa aurkitzeko. Horrelako zerbait egin dut nik: pantaila pizterakoan beroa nahi nuen, baina agertu zaidan lehena albistegia izan da. Bertan bero gutxi aurkitu dut; eguneroko albisteak ikusteaz gain, eguraldi hotzaren irudiak ikusi ditut. Horrez gain, kazetariak aterkiaren azpian hotza pairatzen ikusi ditut.

Beroa bilatzeko ETB2ra jo dut, eta bertan El Conquistador del Caribe saioarekin egin dut topo. Karibe aldeko tenperatura leunek uda gogorarazten digute, eta bertara joateko gogoa sartu zait. Saioa ikusi dudan bitartean, lehiakideek pasatzen dituzten probak ikusi ditut, eta bertan egoteko gogoak itzali egin zaizkit. Beroa nahi dut, baina sufrimendurik ez dut bizi nahi.

ETB1era aldatu dut, bertan berotasuna Leire Palaciosekin aurkitu dut. Eta bihar zer? saioaren lehen kapitulua oso bero etorri zen, sexuaren gaia plazaratu ostean. Familiaren inguruan hitz egin eta gero, estetikaz hitz egin du aste honetan. Saioan daramatzan outfit-ak ez dira aproposenak hotz honetarako, baina bera ikusiz, eguraldi hobea egiten duen uneetan pentsatzeko aukera eman dit, eta hotz gutxiago sentitu dut.

Telebista tradizionalean bero nahiko lortu badut ere, gehiago nahi dut. Horretarako, telesail baten bila joan naiz. Los Angeles hirian gertatzen den The L Word: Generation Q (Movistar Plus) telesailean ez da hotzik pasatzen. Telesaileko protagonistak aparteko kliman bizi dira, eta egunero ari dira zerbait ospatzen edo lesbianen arteko drama berri baten ondorioak pairatzen. Hotza ahazteaz gain, une oso dibertigarriak eman dizkit telesail horrek. Hirugarren denboraldiaren amaiera iristen ari da eta eguraldi honetarako plan aproposena iruditzen zait.

Negua amaitzeko asko geratzen da. Beraz, bakoitzak erabaki dezala zer jarri bere etxeko pantailan. Batzuek suaren irudiak jartzea nahiago dute. Ni telebistarekin ondo moldatzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.