Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Kartzela' (I)

2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Arnasa gara egitasmoaren helburua da euskararentzat arnasgune diren udalerrietako herritarrak ahalduntzea, dagokien aitortza eginez eta kontzientzia indartuz. Eremu horiek hizkuntzaren indarberritzean duten pisua kontuan hartzekoa da. Proiektua Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) jarri zuten abian. Bi ataletan banatzen da: arnasguneen ahalduntzea eta aitortza, bata; eta arnasguneen errealitatea eta garrantzia Euskal Herri osora zabaltzea, bestea. Iametza komunikazio eta teknologia enpresa, bestalde, kanpainaren sormenaz eta koordinazio lanez arduratu da.

Egitasmoaren bigarren atal horretan kokatu behar da Kartzela, Arnasa gara kanpainaren mezua euskal herritarren artean hedatzeko fasean. Kartzela Hiru Damatxo ekoiztetxeak eta Iametzak elkarlanean egindako websaila da. Hamar minutu inguruko zazpi ataletan banatuta dago. Dagoeneko hiru atal ikusgai daude EITBren Nahieran zerbitzuan zein www.kartzela.eus webgunean. Atal guztiak aste honetan emango dituzte.

Misterioan oinarritutako fikzioa da Kartzela. BECen harrapatuta geratu diren sei gazteren istorioa kontatzen du. Lagun guztiak arnasguneetako herritarrak dira: Ondarroa, Lekeitio, Lesaka, Zumaia eta Donibane Garazi (castinga zailtzen duena, izan ere, ezaugarri zehatzak inplikatzen ditu). Gidoia euskara batuan idatzi zen arren, aktore bakoitzak askatasuna izan du jatorrizko euskara erabiltzeko. Lander Arretxea Hiru Damatxoko kideak dioenez, nahiko askatasun izan dute gidoia idazteko, baina zaila izan da patxadaz idaztea. «Jende askoren iritzia hartu behar zen kontuan, eta beste hamaika lanetan genbiltzan hiru lagun arduratu gara». «Pena pixka bat» dute horrekin, izan ere, «itxialdian istorio koherente bat eraikitzea ez zen gauza erraza izan». Neurri handi batean, ez zutelako nahi beste buelta emateko tarterik izan: proiektua 2019an gauzatu eta BEC libre zegoenean grabatu behar zen.

Aktoreak, soinu arduraduna, ekoizlea eta Hiru Damatxoko lau kide aritu ziren bost egunez —eta gau bakarrez—, BECen. Denera, 12-13 lagun. Websailaren aurrekontua? 55.000 euroren bueltakoa. Hiru atalak ikusi ditut, eta bat nator Larretxearekin: ataletik atalera gorantz egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.