Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Itzultzea

2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Azken boladan telesail berriek ez naute erakartzen. Netflixek egunero zerbait berria erakutsi nahi dit bere aplikazioaren bitartez, baina bere abisuak kentzen ditut edukia ikusi gabe. HBOk ere berdin egin dit azken boladan, eta interes gutxi sortzen didate bere berritasunek. Une kritiko batean egon naiteke, telebista eta telesailen inguruan idazten dut hemen, eta berritasunei uko egiteak zailtasunak ekarriko dizkit zutaberako. Askotan nahiago dut zain ditudan telesailetara itzultzea. Duela gutxi Pantomina Full-ekoek antzekoa esan zuten zinema eta telesailen inguruko La Script podcastean. Bertan, The Sopranos edota The Wire telesailetara itzultzea nahiago zutela adierazi zuten.

Gustuko ditugun telesailetara itzultzea, etxera itzultzea bezala da. Badakigu zer aurkituko dugun bertan, eta hori gustuko dugu. Nire telesailen zerrendan, asko gustatzen zaizkidan telesailak amaitu gabe uzten ditut, bertara itzultzeko aukera izateko. Sentsazio hori eragiten didaten telesailak Better Things edota Good Trouble dira, batez ere. Bietan familia baten gorabeherak aurkitzen ditugu, eta, askotan, familia hartako kide naizela sentiarazten didate bi telesailek.

The Soprano edo The Wire telesailetara itzultzeak, aldiz, beldurra ematen dit. Bi telesailak ikusi nituenean, une oso onak pasatu nituen, eta beldur naiz dezepzioa izateko. Joaquin Sabinak Peces de Ciudad abestian dioen bezala, «zoriontsu izan zaren tokira, berriro ez zara itzuli behar» esaldiarekin bat nator kasu honetan. Urte asko pasatu dira bi telesail horiek ikusi nituenetik, eta, David Simonen kasuan, nahiago dut haren telesail berriak ikusi The Wire-era itzuli baino. Simonek Treme telesail aparta egin zuen Baltimoreko errealitate gordina erakusten duen telesailaren ostean. Bertan, New Orleans Katrina urakanaren ostean erakusten zigun. Imajinatzen dut Simonentzat zaila izan dela Baltimorera itzultzea, baina berriro itzuli da We Own This City telesaila egiteko. Bertan, 2015. urtean gertatutako heriotza baten inguruko ikerketa eta hiriaren egoera ikusiko dugu. HBOk duela aste batzuk abisatu zidan estreinaldi horretaz, baina oraindik ez diot play botoiari eman. Desengainuaren beldurra kendu behar dut telesailarekin hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.