Izortze Santin.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Earth BioGenome proiektua

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hamar urteko iraupena, 4.700 milioi dolarreko kostua, 200 petabyte baino gehiagoko informazio digitalaren sorrera eta 10-15 miloi izakiren genomen sekuentziazioa. Horiek dira Earth BioGenome proiektua laburbiltzen duten zenbakiak.

Munduko 24 ikertzaile biltzen dituen partzuergo batek proposatutako megaproiektu horren helburua da Lurrean ezagutzen diren izaki eukarioto guztien genoma sekuentziatzea. Orain gutxi PNAS aldizkarian publikatutako proiektu proposamen hori aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa izango da hainbat gobernuren eta munduko ikertzaile askoren kooperazioa.

Baina zertarako behar da Lurreko izaki guztien genoma ezagutzea? Proposamenaren bultzatzaile baten aburuz, genomikari esker, ikertzaileek gizateriaren biziraupena eta ongizatea hobetu duten ehunka aurrerapen posible egin dituzte; botika berrien garapena, energia berriztagarrien sorrera eta ingurugiroaren babesa, besteak beste. Oraingoan, biziaren historia eta aniztasunaren inguruko ezagutza zabaldu, eta bioaniztasunaren babesa eta berreskuratzea baimenduko dituzten estrategien diseinuan lagungarria izango den informazioa lortu nahi dute proiektuaren bultzatzaileek.

Proposamenaren autore nagusia Harris A. Lewin da, Kaliforniako (AEB) UC Davis ikerkuntza institutuko eboluzio eta ekologia irakaslea. Horren ustez, Earth BioGenome proiektuak erakarriko dituen onura zientifiko eta sozialak, Giza Genoma Proiektuarekin lortutakoak baino are garrantzitsuagoak izango dira. Lewinen aburuz, Earth BioGenome proiektuak bioekonomia berri baten oinarriak ezarriko ditu, osasun, ingurumen, gizarte eta ekonomia arazoei aurre egiteko konponbide berritzaileen garapena baimenduko duena, batez ere herrialde azpigaratuetan, zeinetan bioaniztasun aktiboak garrantzitsuak diren.

Ukaezina da genomikaren garapenak arlo askotan egundoko onurak ekarri dituela, baina onura horiek gizateriaren biziraupena eta ongizatea hobetu dutela esatea gehiegizkoa dela deritzot. Zientziaren garapenak eman dituen etekinak ez dira munduko herrialde guztietara iritsi, eta, are gutxiago, herritar guztiengana. Earth BioGenome proiektuko bultzatzaileek egitasmo horretatik lortutako informazioa herrialde azpigaratuetan bioekonomia berria ezartzen lagunduko duela baieztatzen badute ere, errealitate gordina baieztapen horretatik urrun geratuko dela susmatzen dut.

Lurreko izakien genomen inguruko ezagutzak bioaniztasunaren oinarri genetikoak ulertu eta espezieen biziraupena bermatuko dituzten estrategien garapena baimenduko du, baina megaproiektu zientifikoetatik harago, ez al dago gure eskuetan bioaniztasunaren babesa bermatuko dituzten politikak gaurdanik martxan jartzea? Earth BioGenome proiektuari milaka dolar bideratzen dituzten herrialdeetako Gobernuek klima aldaketa ukatzen eta Amazonia deforestatzen duten berberak dira.

Ezin dugu ulertu etorkizuna zientziarik gabe, baina ezinbestekoa da zientziak ematen dituen aurrerapenen kudeaketa zintzoa egitea eta benetan Lurreko izaki guztien biziraupena eta ongizatea bermatuko dituzten politikak martxan jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.