Balaz zulatutako egiak

Etxebarrieta Memoria Elkarteak ibilaldi gidatua egin du Bilboko Zazpikaleetan, Ovidio Ferreiraren hilketaren auzia azaltzeko; Ertzaintza ekitaldian agertu da.

Loreak jarri dituzte Ferreira zauriturik suertatu zen lekuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Uztailaren 10ean izan zen, 1981ean; goiz-goizetik, ETAk Joaquin Gorjon guardia zibilaren kontrako atentatua egin zuen Basaurin (Bizkaia), eta atoan Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak operazio zabala jarri zuten abian, batez ere Bilbon, etakideak atzeman nahian. 08:00ak baino lehenago, ustez atentatua egindako komandoko kide bi detektatu zituzten Bilboko Erriberako merkatutik gertu, eta tiroka hasi ziren. Etakideek ihes egin zuten, baina Zazpikaleetako bizilagun bi balaz zauriturik suertatu ziren. Horietako bat, Ovidio Ferreira Martin 29 urteko gaztea, uztailaren 14an hil zen 39 urte bete ziren atzo, Basurtuko erietxean lau egun koman eman ondoren.

Bertsio ofizialaren arabera, etakideen eta polizien arteko tiroketa baten erdian harrapatuta gelditu ziren zauritutakoak, eta Ferreira hil zuen bala etakide batek jaurtiki zuen. Covite elkarteak ETAren biktimatzat du Ferreira, eta haren zerrendetan sartu dute gaztea. Baina Etxebarrieta Memoria Elkartea auzia ikertzen ari da, prentsan, Poliziaren txostenean eta auto judizialean agertutakoa aztertu dute, lekukoen testigantzak ere jasotzen ari dira, eta, horietan oinarrituta, oso bestelako bertsioa osatu dute: tiroak alde bakar batetik iritsi ziren, etakideen atzetik zihoazenen aldetik hain zuzen polizia uniformedun bi eta kaleko jantzitako guardia zibil bi; hiruk pistola zeramaten, eta laugarrenak, metraileta bat. Diotenez, argi dago Ferreira Poliziaren indarkeriaren biktima izan zela, eta halakotzat hartzea galdegiten dute.

Auzia orain ari da azaleratzen, baina polemika ez da oraingoa. Bere garaian, Zazpikaleetako auzokideek gezurtatu zuten bertsio ofiziala, eta argi adierazi zuten Polizia izan zela Barrenkale Barrena kalean tiroka sartu zena. Bihotzean auzo elkarteak hango bizilagunen haserrearen berri eman zuen. Beste zaurituak, Aurora Mugika 48 urteko auzokideak bala batek besoan jo zion, Santiago plazan zegoela, esan zuen Poliziak egin ziola tiro.

Etxebarrieta Memoria Elkarteak lanean jarraitzen du egia azaleratzeko asmoz, batez ere 2021. urteari begira; orduan beteko dira 40 urte Ferreira hil zutenetik. Testigantzak jasotzen ari dira, eta gertaeren lekuko izan ziren auzokideei haiekin harremanetan jartzeko eskatu diete.

Ibilaldia auzoan

Ovidio Ferreiraren hilketaren urteurrena gogorarazteko, ekitaldi xumea antolatu du Etxebarrieta Memoria Elkarteak: ibilaldi gidatu moduko bat, bildutakoei non zer gertatu zen azaltzeko. Zenbait lagun batu dira San Anton elizaren abaroan, maskara musuan eta segurtasun tarteari eutsiz.

Erriberako merkatuaren aurreko plazan egin dute lehenengo geraldia. Azaldu dutenez, haraino iritsi zen hiru etakideek Basaurin lapurtutako autoa; haietako bi autotik jaitsi ziren, eta Barrenkale Barrenara jo zuten, auto gidariak aurrera egiten zuen bitartean. Erribera osoa poliziez mukuru zegoen, eta bi susmagarriak Zazpikaleetara barneratzen zirela ikusita, haien atzetik joan ziren, tiroka.

Segizioak ere Barrenkale Barrena kalean aurrera egin du, elkarteko kide batek emandako azalpenei adi. Esan duenez, kale osoan nabariak ziren tiroek hormetan utzitako zuloak, den-denak Erribera aldetik egindakoak; handik bi urtera, 1983ko abuztuan, uholdeak lokatzez bete zituen Zazpikaleak, alde hori guztia berriztatu zuten, eta aztarna gehienak desagertu ziren.

Ovidio Ferreira egunkari banatzailea zen. Haren amak prentsa saltoki bat zeukan Santiago plazan, eta hari laguntzen zion egunkariak denda eta tabernetara banatzen. Barrenkale Barrena kaleko 16. zenbakidun atariaren aurrean zegoen balak aurpegian bete-betean jo zuenean. Zaurituta suertatu zen lekuan, Egia osoa. Etorkizunak memoria behar du leloa duen pankarta bat eta prentsa saltoki bat irudikatzen duen trepeta jarri dituzte. Omenaldi txiki bat egin diote, eta bertaratutakoek loreak utzi dituzte kioskoaren ondoan. Etxebarrieta elkartekoek diotenez, Ferreira ofizialki «ETAren biktima» den arren, Covitek-eta inoiz ez diote omenaldirik egin: «Oso esanguratsua da hori».

Ertzaintza agertu da

Orduan, inork espero ez zuenean, Ertzaintza agertu da: furgoneta bat eta auto bi gutxienez, batzuk Erriberatik eta beste batzuk Dorre kaletik, bildutakoak erdian harrapatuz. Ertzainetako batek Ugartekori berba hori erabili ohi dute unean uneko nagusia izendatzeko telefonoz deitzen zion bitartean, beste batek ohartarazi du: «Norbaitek irudiak hartzen baditu, dokumentazioa eskatuko diogu».

Han zeudenetako batzuk identifikatu dituzte, eta jakinarazi diete komunikatu gabeko elkarretaratze batean ari zirela parte hartzen. Herritarrek azaldu diete hura ez zela elkarretaratzea, duela 39 urte gertatutakoa azaltzeko ibilaldi informatiboa baizik, baina, hala ere, datuak hartu dizkiete.

Gazte batzuk euskaraz aritu dira ertzainekin. Batek euskaraz eskatu die dokumentazioa, baina ez da denen jarrera izan: «Hau Espainia da, eta gaztelaniaz egiten da», esan dio ertzainetako batek euskaraz egin dion gazteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.