Italiako Giroa

Zauriak miazkatu ditu

Landaren taldekide Maederrek irabazi du Italiako Giroko seigarren etapa, murgiarra erretiratu eta biharamunean. Valter jarri da lider

Gino Maeder, etapa garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Mikel Landaren herenegungo erorikoak zaurituta utzi zuen Bahrain taldea. Murgiarrak etxerako bidea hartu behar izan zuen, eta, hala, lemazainik gabe gelditu ziren haren taldekideak. Arrangura eta atsekabea, erregai bihurtu zuten atzo, ordea, eta B plana badutela erakutsi, Ginno Maederrek irabazi baitzuen Giroko seigarren etapa, mendatean bukatzen zen aurrenekoa. Suitzarrak arrakastaz biribildu zuen eguneko ihesaldia. Alessandro De Marchik (Israel), ordea, porrot egin zuen maglia arrosari eusteko ahaleginean. Attila Valterrek (Groupama) dauka soinean orain jantzi preziatua.

Hautagaiek bigarren azterketa zuten maldan gora, Passerinoko aldapa pikoetan izandako lehiaren ondoren. Atzo, mendate luzeago eta leunago bat zuten bukaeran: San Giacomo, 15,5 kilometro eta batez besteko %6ko pendizarekin. Bada, asteartean bezala, atzo ere Egan Bernal (Ineos) izan zen onenen artean sendoena; Remco Evenepoelek (Deceuninck), Dan Martinek (Israel) eta Giulio Cicconek (Trek) soilik eutsi ahal izan zioten haren joari. Gutxienez 13 segundo galdu zituzten gainontzeko faboritoek. Pattal aritu zen Pello Bilbao (Bahrain): Bernalen multzoa baino 1.06 beranduago helmugaratu zen.

Bizi-bizi hasi zuten etapa txirrindulariek. Ahalegin askoren ondoren, sei ziklistak egin zuten aurrera: Maederrek eta Matej Mohoricek (Bahrain), Dario Cataldok (Movistar), Jimmy Janssensek (Alpecin), Simon Guglielmik (Groupama) eta Simone Ravanellik (Androni). Geroago, Bauke Mollema (Trek) eta Geoffrey Bouchard (Ag2r) batu zitzaizkien. Aurkari gaiztoa zen Mollema, eta 30 kilometroko jazarpena egin behar izan zuen bat egiteko.

Eguneko lehen mendatea igaro ostean, sua piztu zuen Ineosek, maldan behera. Erdibitu egin zen tropela, eta atzean gelditu Alessandro De Marchi. Espero baino lehenago zapuztu zitzaion maglia arrosari eusteko ilusioa. Hori gutxi balitz bezala, hurrengo mendatean haize babesa sortzear izan zen Bernalen taldea, Filippo Gannaren joa baliatuz. 60 kilometro gelditzen ziren oraindik.

Landa operatuko dute gaur

Euria, haizea, eta lehia bizia. Ez zen giro tropelean. Eta beste estutu bat ematea erabaki zuten Cicconek (Trek), Romain Bardetek (DSM) eta Alberto Bettiolek (Education), jaitsieran erasoa joz. Haatik, Ineos ez zegoen oparirik egiteko, eta azken igoera hasterako harrapatu zuen hirukotea. Mohoric, Maeder, Mollema eta Cataldo iritsi ziren buruan San Giacomora, 2.40ko aldearekin.

Mamia izan zuen azken igoerak: Bike Exchangeko auto batek Pieter Serry (Deceuninck) harrapatu zuen, ondorio larririk gabe; Jonathan Castroviejok (Ineos) gurpila zulatuta zuela egin zuen tira; Bernalek birritan egin zuen eraso, eta tinko eutsi zion Evenepoelek... Eta aurrean, loriaren bila kemenez abiatu zen Maeder. Garaipen bikaina eskaini zion Landari. Jada Gasteizko ospitalean dago Landa, eta gaur goizean egingo diote ebakuntza. Tropelak, berriz, arnasa hartuko du, 181 kilometroko etapa laua jokatuko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.