Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Ezinezko maitasuna

2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Maitasuna sentitzea eta ematea munduko sentimendu onena dela uste dut. Zure lagunen, familiaren edota bikotekidearen maitasun hori jasotzea ederra da, baina batzuetan jasotzen dugunean ez da une aproposa. LGTBIQ+ komunitateko pertsona askok horrelako egoerak jasan dituzte, beraiek maite duten pertsonarengandik maitasuna jaso dute, baina gizarteak maitasun hori gaizki ikusten duenez, bakoitzak bere burua zigortu egiten du eta bere sentimenduei uko egiten die.

Fragrance of the First Flower (Filmin) telesailak Taiwanera eramaten gaitu. Bertan bi emakumeren arteko harremanean sartuko gara. Yi-Mingek eta Ting Tingek eskolan ezagutu zuten elkar, eta urteak eman dituzte batak besteaz ezer jakin gabe. Eskola garaian oso lagunak izan ziren eta beraien artean maitasuna piztu zen. Oso desberdin hartu zuten egoera: Ting Ting guztiz maitemindu zen, eta Yi-Mingek bere sentimenduak erreprimitu zituen eta alde batera uzten saiatu zen. Taiwanen sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak 2019an legeztatu ziren. Aurrerapen handia da bertako homosexualentzat, baina gizartea nahiko tradizionala da eta familia askotan oso gaizki ikusia dago homosexuala izatea.

Telesailean gizarte horren egoera islatzen da: lesbiana izateko zailtasunak oso argi erakusten dira. Yi-Mingek eta Ting Tingek ezkontza batean egingo dute topo berriro. Telesaila hor hasten da. Ezkontzaren ondoan, bi emakumeen arteko ezkontza baten ospakizuna egiten ari dira. Yi-Mingek harriduraz ikusten du ezkontza hori, agian bere maitasun erreprimituaren desirak pizten zaizkio une horretan.

Yi-Ming ama da, eta bere senarrak beste hiri batean lan egiten du. Bere semearekin ordu asko ematen ditu eta bakarrik dago askotan. Ting Ting aurkitzen duenean bere mundua guztiz aldatuko da. Bere etxean familia bat sortzen da Ting Ting dagoenean. Telesailak minutu gutxitan asko kontatzen du. Gordetako sentimendu horiek kalera ateratzea zaila izaten da askotan. Yi-Mingek barneratua duen homofobia horrek bere sentimenduak ezkutatzea eragingo dio. Telesaileko azken eszenan duten elkarrizketa bikainean, maitasunaren gazi-gozoak erakusten zaizkigu. Bien arteko maitasuna ezinezkoa izango da, baina horren errudun bakarra gizarte tradizionala izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.