Kafe hondar biziberrituak

Maiatzean jarri zuten abian kafEKOak egitasmoa: elkarte gastronomikoetako kafe hondakinak bestelako produktu bihurtzen dituzte Kafea Eco enpresan.

Perrexila, tomateak eta perretxikoak landatzen dituzte, besteak beste, kafe hondarrekin egindako substratuan. KAFEAECO.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Menda, perrexila, piperra, tomatea eta perretxikoak loratzen dira kafe hondarretatik, eta ekodiseinuzko ontziak eta poteak sortu kafe kapsuletatik. Hondakinak birziklatu eta produktu berriak sortu. Zirkulua itxi. Ekonomia zirkularra ireki. Ustez balio ez duenak hartzen duen balioa. Horixe da kafEKOak egitasmoaren atzean dagoen mezua, eta horixe Adunako (Gipuzkoa) Kafea Eco enpresak gauzatu nahi duen helburua.

Joan den maiatzean aurkeztu zuten kafEKOak kanpaina. Donostiako Udala, Cristina Enea fundazioa eta Kafea Eco enpresa dira sustatzaileak, eta Rural Kutxa babeslea. Donostiako elkarte gastronomikoentzat da, oraingoz. Haiek sortzen dituzten kafe hondakinak jaso eta birziklatzea da asmoa. «Pixkanaka ari gara bidea egiten. Hamar bat elkarte baditugu hitzartuta, eta irailetik aurrera hasiko gara bilketarekin», azaldu du Kafea Eco enpresako proiektu arduradun Adriana Uribesalgok.

Horretan aritzen da Kafea Eco enpresa: kafe kapsulak eta hondarrak birziklatzen dituzte. Jaso egiten dituzte, bereizi, lehortu eta prozesatu. Hondarrekin lortzen dituztenak substratua eta biomasa izaten dira, eta kapsulekin, galtxikin moduko bat, ekodiseinuzko loreontziak, poteak eta erretiluak egin ahal izateko. Datuak esanguratsuak dira: 2021ean, 750 tona kafe kapsula —43 milioi unitate— eta 80 tona kafe hondar birziklatu zituzten. Kapsulak jasotzeko 400 bat puntu dituzte jarriak Gipuzkoan, eta puntu horietan jarrita dauden edukiontziak kapsulak birziklatuz egindakoak dira —1.250 kapsula behar ei dira halako edukiontzi bat egiteko—.

«Behar bat zegoela ikusi genuen. Bazeudela hainbat jatetxe kafe hondakin asko sortzen zituztenak: bai kafe hondarrak, bai eta kapsulak ere. Lehendik gure enpresan olioa birziklatzen genuen, eta hasi ginen pentsatzen zer egin genezakeen kafe hondakin horiekin», azpimarratu du Uribesalgok.

Izan ere, Ekogras enpresa dago kafEKOak proiektuaren oinarrian. 30 urte baino gehiagoko eskarmentua dute etxebizitzetan eta ostalaritzan olio erabilia birziklatzen, eta orduan konturatu ziren kafearen hondarrek zakarrontzian amaitzen zutela eta kapsulek, aldiz, edukiontzi horian. «Jendeak uste du kapsula horiek edukiontzi horira botata birziklatu egiten direla, baina ez da hala. Ecoembesek —Espainian ontzi arinak kudeatzeaz arduratzen den konpainia da— aspaldi esan zuen kapsulak ez direla ontziak. Material ezberdin asko dituzte: plastikoa, aluminioa... Eta txikiak dira, eta birziklatzeko oso zailak», argitu du Uribesalgok.

Prozesu nekosoa

Prozesua ez baita erraza. Kafea, aluminioa eta plastikoa bereizi egin behar dira. Hezetasuna kendu behar zaie; lehortu, makina berezi batean. Txikitu egiten dituzte ondoren, eta galbahean pasatu gero. Bi material garbi lortzen dituzte, bereizita: kafea —substratu bihurtzen dutena landareentzako edo biomasa berogailuentzako—, eta aluminio eta plastiko xehatu eta txikiz osatutako galtxikina —ekodiseinuzko produktuak sortzeko erabiltzen dutena: edukiontziak, loreontziak, erretiluak, hirietarako altzariak...—.

Ikusgarria da emaitza. Enpresaren webgunean daude ikusgai (kafea.eco/es), gazteleraz bakarrik. Landaketarako kitak, eta haiek erabiltzeko argibideak agertzen dira bertan. Substratua bera zein loreontziak kafearen hondakinak birziklatuz sortutakoak dira. Zakutxo batek inguratzen ditu ontzi guztiak. Landare eta belartxoen landaketarako aukera honako hau da: menda belarra, perrexila, cherry motako tomateak eta Padrongo piperrak. 17,95 euroan guztiak. Perretxikoen landaketarako aukera: ostra perretxiko horia eta grisa, eta kardu ziza beltza eta korearra. 24,95 euroan horiek. Horiez gain, kapsula erabiliak gordetzeko edukiontzi txikiak ere badaude salgai. 11,50 euroan horiek.

Bisita gidatuak

Kanpaina aurkeztu zuten egunean iragarri zuten, eta enpresak berretsi du: parte hartzen duten elkarte horietako kideek eta erakundeek aukera izango dute enpresaren Adunako egoitza bisitatzeko. «Interesgarria izan daiteke gordetzen dituzten kapsula horiek nola birziklatzen ditugun ikustea. Aukera dago bisitak egiteko, eta birziklapen prozesu horretatik ateratzen diren produktu berriak ikusteko. Zerbait lortzen dela ikusteko eta benetan lan egiten dela ikusteko», nabarmendu du Uribesalgok.

Izan dituzte eskariak beste zenbait herritatik ere, baina Donostian gauzatuko dute, oraingoz, kanpaina. Parte hartu nahi duten elkarteek, Cristina Enea fundazioarekin jarri behar dute harremanetan (943-45 35 26 eta [email protected]) edo KAFEAeco enpresarekin (943-942 624 eta [email protected]).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.