Bizkaiko zubia

Bi adarren artean zintzilik

Portugalete eta Getxo udalerriak batzen ditu Bizkaiko Zubiak. Munduko lehen zubi eskegia izan zen. Bidaiariek lanerako edo aisialdiko jarduera gisa gurutzatzen dute.

Herritarrek autoz, motoz, bizikletaz nahiz oinez gurutzatu dezakete Bizkaiko Zubia, bi norabideetan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Getxo- Portugalete
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Getxoko (Bizkaia) kale artetik ibiltzen nekez imajina daiteke ibai bazterrera heltzean bisitariak parez pare aurkituko duen burdina gorrizko egitura erraldoia: Bizkaiko Zubia. 1893. urtean inauguratu zuten zubi esekia, eta mota horretako munduko lehen zubia izan zen. Bilboko itsasadarraren bi ertzak batzeko asmoz eraiki zuten gisa horretako zubia, nabigazioa ahalbidetu ez ezik, urbanizazio plan bat martxan jartzeko aukerak ere eskaintzen baitzituen. Ibaizabal ibaia bitan banatzen da Bizkaiko kostaldetik Bilbora bidean, eta adarkatze horren ondorioz bereizten dira bi eskualde errekaren bazter banatan: Bilbo Ezkerraldea eta Eskuinaldea. Bizkaiko Zubia bi adarren arteko lokarria da, Portugalete eta Getxoko Areeta auzoa batzen ditu garraiobide azkar bezain ikusgarria.

125 urte bete zituen zubiak 2018an, eta ordutik asko izan dira itsasadarra alderik alde autoz, motoz, bizikletan ala oinez zeharkatu dutenak. Iraileko lehen goiza da, eta oporren azken egunak zukutzen ari dira herritarrak Bizkaiko Zubiaren bueltan.

Bartzelonatik heldu dira Eloy Perez, Jose Luis Perez, Almudena Quiroga, Monserrat Castillo eta Mireia Grañen. Lankideak dira Castillo, Quiroga eta Grañem, eta Quirogaren seme eta bikotekidea dira, berriz, Eloy eta Jose Luis Perez. Autoz zeharkatu dute itsasadarra, kabina barruan. Castillok eta Grañemek ez zekiten nora eramaten zituzten, eta erabateko «ezustekoa»izan da bidaia. «Bat-batean zubiaren barruan ikusi dugu geure burua, zur eta lur gelditu gara!», baieztatu du Grañenek. Castillorentzat, «ikaragarria» izan da 45 metro garaiko egituran «zintzilik» egotea. Eloy Perezentzat bidaia «sinestezina» izan da. Orain, oinezko gisa kabinaren barruan sartuta gurutzatuko dute zubia kontrako norabidean: Getxotik Portugaletera.

Herrialde Katalanetatik heldutakoak ez bezala, askok eguneroko garraiobide dute zubia. Zubiaren kanpoaldean, albo batean jarrita dago Esperanza Monreal. Santurtzikoa da Monreal, baina egun Getxon bizi da. Bizitokia itsasadarraren albo batetik bestera aldatzea erabaki dutenentzat,jaioterriarekin kontaktua ez galtzeko bide da zubia. Ama zaintzera joateko gurutzatzen du itsasadarra egunero-egunero Monrealek, eta «oso praktikoa» iruditzen zaio. «Betidanik» ikusi izan du zubia, eta dagoeneko ez du harritzen. «Polita eta ikusgarria da, baina ohitu egin naiz, eta ez diot erreparatzen; halere, patxadaz behatzeko tartea hartzen badut, izugarrizko lana da».

Bidaiariak alderik alde kableetatik zintzilik dagoen kabinan noiz helduko zain dago Maria Salgero. Monreal bezalaxe, Bilbo ezkerraldekoa da, baina egun Getxoko Neguri auzoan bizi da. «Familia ikustera noa Portugaletera; atzo heldu ginen denok oporretatik, eta gaur elkartuko gara neba-arrebak». Zubiari esker, minutu eta erdi eskasean batu daiteke Salgero senideekin. Azaldu duenez, inoiz ez du autoa erabili Eskuinaldetik Ezkerraldera joateko. «Askoz ere azkarragoa da zubia».

Heldu da bidaiariak dakartzan kabina Getxora. Orain, bidea kontrako norabidean egin behar dutenen txanda da. Salgero eta Monreal badoaz barrura, eta segurtasun distantziak mantenduta beste dozena bat bidaiarirekin batera gurutzatuko dute Ibaizabal. Burdinazko heldulekuek eta errekaren bi aldeetan dauden paseoa ikusteko leiho handiek besterik ez dute hornitzen kapsula. Zutik, beirate handietatik begira ari dira turistak eta bertakoak, burdin harietatik zintzilik doan egituraren astindu leunen erritmoan.

Minutu eta erdi eskas, eta kitto; dagoeneko Getxon zirenak Portugaleten daude, eta Ezkerraldekoen txanda da berriz.

Beste norabidean

Heldu berriak ez bezala, Portugaletik Getxorako norabidean gurutzatuko du itsasadarra Ainhoa Egiluzek. «Portugaletekoa naiz, eta oso harro nago Bizkaiko Zubia nire herrian egoteaz; Gizateriaren Ondarea da, pentsa!». Hain zuzen, 2006. urtean izendatu zuen Unescok Gizateriaren Ondare zubia, eta hori eskuratu zuen Euskal Herriko lehen monumentua izan zen. Egiluzek paseorako ibilbide berriak probatzeko eta aisialdirako gurutzatzen du zubia, eta argi du zein udalerriri dagokion: «Zubia Portugaletekoa da, zalantzarik gabe».

Tomas Zorrillak, berriz, bizikleta gainean gurutzatuko du itsasadarra beste hiru kide txirrindularirekin batera, egunean bigarren aldiz. «08:00etan hartu dugu zubia lehen aldiz Zugaztieta inguruan bizikletan ibiltzeko, orain bagoaz etxera bueltan». 12:30ak pasatxo dira, eta eguneko errutina hasi eta bukatu izanaren seinale da Zorrillarentzat zubiko bidaia. Zubiaren albo batetik bestera igarotzeko beste aukera bat hau da: goraino heltzen den igogailua hartu, eta oinez gurutzatu daiteke, 45 metroko altueratik. Hala egin berri du Marta Gomezek: «Merezi du goitik egitea bidea, bistak zoragarriak dira».

127 urte zutik eta bi adarren artean zintzilik eman ditu Bizkaiko Zubiak, eta etorkizunean ere aisialdirako, familien arteko loturak estutzeko nahiz lanerako erabiliko dute itsasadarren ezker zein eskuin aldeko herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.