Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Eurovision gabeko urtea?

2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ez dut sekula oso ondo ulertu Eurovision abesti lehiaketaren arrakasta. Beti pentsatu izan dut txantxarako gehiago ematen duela gozamenerako baino, eta agian, hortxe du bere erakargarritasuna. Kontua da jende askorentzat erlijio dela ia, nahiz eta urtean behin mezara joatea besterik ez eskatu.

Kontuak kontu, jarraitzaile sutsu horiek guztiak, gurean ere badira, uste duzuen baino gehiago, jaialdia jarraitu gabe geratu dira aurtengoan, COVID-19aren krisiak, gainontzeko guztia bezala, bertan behera utzi baitzuen Herbehereetan ospatu behar zen ekitaldia.

Zale horiek guztiek maiatz honetan sentitutako umezurztasuna baretzeko balio izan du, ordea, Netflixek kantu lehiaketaren inguruan ekoiztutako fikziozko filmak: Eurovision Song Contest: The Story of Fire Saga. Pentsatu liteke 2020ko jaialdiak utzitako hutsunea bete nahian ekoiztutako filma dela, baina ez. Jaialdiarekin batera estreinatzeko asmoz sortu zen proiektua, azken urteetan AEBetan jaialdia lortzen ari zen arrakasta indartu eta putzuaren beste aldean, Australian gertatzen den bezala, fenomeno bilakatu zedin. Nork daki, agian, Australian bezalaxe, AEBak gonbidatzen amaituko dute Israel ere partaide moduan duen eta Europa izenean daraman jaialdira.

Will Ferrell erraldoia jarri zuten proiektuaren buru, eta erraldoia diodanean, bere altueraz ari naiz, metro eta laurogeita bat neurtzen baitu kaliforniarrak. Bai, gorroto dut Ferrell, bere kuadrillako Sandler, Rogen edo beste edozein kide bezainbeste. Ez didate batere graziarik egiten, eta hori gutxi balitz bezala, egiten duten gauza bakoitzean beraien buruaz duten irudia erabat puztua delakoan naiz. Baina tira, zinemetako txartel leihatilek arrazoia ematen diete behin eta berriz; beraz, isildu egingo naiz hobeto.

Ferrell eta Rachel McAdamsek gorpuzten dituzte Fire Saga musika taldeko kide diren Lars eta Sigrit islandiarrak. Umetatik Eurovision jaialdian parte hartzeko ametsa izan dute biek, eta filmak kontatzen duen abenturak ametsa errealitate bilakatzen lagunduko die. Laburbilduz, jaialdiaren edo Ferrell eta bere lagunen jarraitzaile sutsua bazara, ikusi. Bestela, ziur irauten duen ia bi orduko tartea aberasgarriagoa izango den zerbaitetan xahutu ahal zango duzula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.