Argitalpen zaharren agertokia

Donostiako Gipuzkoa plaza liburu zaharren erakusleihoa da egunotan. Merkatuan ez dauden aleak eta lehen edizio bereziak eskuratzeko aukera dago irailaren 12ra arte.

Erosle gehienak pasaeran azokan gelditzen diren herritarrak dira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Irakurtzeko plazer hutsagatik, bildumazaletasunagatik edo liburuaren berezitasun batek erakarrita. Nork bere arrazoiak ditu liburu bat erosteko, eta azoketako erakusleihoak horretarako pizgarri bihur daitezke. Gipuzkoa plazan dauden etxolen bi errenkadak dira horren adierazle egun hauetan. Izan ere, liburu zaharrez eta okasiozkoez gozatzeko aukera dago Donostian. Azoka ostiralean ireki zuten, eta irailaren 12ra arte egongo da han.

Liburu zaharrek duten usaina eta urteen joanak ematen dien kolore horixka igartzen dira erakusmahaietara hurbildu orduko. Eskaintza askotarikoa da: bilduma handietako aleak, tapaki berbera duten argitalpenak, literaturako klasikoak eta merkatuan eskuratzeko zailak diren obra bereziak. Halako eta besteko jasotzen dituzte Iñaki Muniategi eta Edurne Allunzen mahaiek. Arteagatik (Bizkaia) datoz, eta azokaz azoka aritzen dira liburuak erakutsi eta saltzen. Badira 30 urte Donostiara etortzen direla: nobedadeen eta liburu zaharren azokara.

Ale jakin baten bila edo bestelako liburu dendetan topatu ezin daitezkeen liburuen bila joaten diren erosleak badiren arren, nobelak eta liburu klasikoak erosten dituztenak dira gehien mugitzen direnak, Muniategiren esanetan. Asko prezio merkeek erakarrita. Ikasturte hasiera ate joka dagoen honetan ere, eskolarako irakurgaiak dira eskari handienetakoa dutenak: «Asko etortzen dira horien bila. Klasiko asko ditugu, eta oso merke», dio Muniategik.

Joan-etorriko bezeroak

Lehen egunetan, mugimendua igarri dute Muniategik eta Allunzek, eguraldia ere aldeko izan baitute. Bada eragiten duen beste faktore bat ere: tokia. Erdigunea eta Parte Zaharra lotzen dituen kalea herritar askoren eguneroko igarobidea da, eta joan-etorri horietan gelditzen dira erosle gehien. Hori da gakoa Muniategirentzat: «Pasoko toki batean jarri behar dugu; bestela, jendea ez da etortzen». Hain zuzen ere, Noa Zafra gazteak azokarekin topo egin du beste norabait zihoala. Jada ezagunak zaizkion misteriozko nobela batzuei begira ari da, ea baten batek arreta ematen dion: «Prezioak begiratzen ari nintzen».

Azokan aurki daitezkeen liburu gehientsuenak eskuragarriak dira gehienentzat; hala ere, badaude ale bakan eta oso berezi batzuk. Halako bat gordetzen du Hector Torresen erakusleihoak. Valentzian (Herrialde Katalanak) du liburu denda, eta azokaz azoka ibiltzen da bera ere. Duela gutxi lortu duen Rafael Alberti idazle espainiarraren liburu bat du esku artean: La amante poema liburuaren lehen edizio bat da, 1926koa. «Gaur-gaurkoz, merkatuan ez dago halakorik». Halako pieza bakanak saltzea, baina, ez da erraza: «Liburua irakurri nahi duenak hamar euroan du edizio berri bat; hau 400 euroan jarri dut».

Euskaraz, aukera urriagoa

Usoa Arbelaitz eta Jorge Soto egin berri dituzten erosketak ordaintzen ari dira beste erakusleiho batean. Ez dira kasualitatez heldu azokara; aurreko egunean ere izana zen Soto: «Nekatu egiten naiz hainbeste libururekin. Atzo etorri nintzen gainetik begiratzera, eta, gaur, berriz». Aukera zabala patxadaz aztertu eta gozatzeko hautua egin dute. Arbelaitzek hiru liburu ditu eskuan: espainiar literaturako hiru klasiko. «Hori da dagoen aukera gehiena; euskal literatura askorik ez dago», azaldu du Arbelaitzek. Izan ere, azoka osatzen duten 30 mahaietatik hiruzpalauk baino ez dituzte euskarazko liburuak.

Muniategi eta Allunz dira ale gehien dituztenetakoak. Liburu zaharrak ez ezik, euskarazko nobedadeak ere aurki daitezke haien mahaietan. «Beti bi mahai oso izaten ditugu euskarazko liburuekin. Kultura sustatzeko gaude gu hemen, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu», azaldu du Muniategik. Alabaina, euskarazko literaturaren salmenta nahiko apala dela uste dute: «Ez da asko saltzen». Horrexegatik, saltzaile askok ez dute euskal literaturaren aldeko apusturik egiten, Arteagakoen esanetan. Haien postuan, ordea, ez da euskal hitzik falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.