Euskarabentura

Euskal Irratiak bisitari

Euskal Irratietako lankideen laguntzaz, Euskarabenturako gazteek zuzeneko irrati saio bat osatu dute Urruñan egin duten atseden egunean.

Mikrofono aurrean aritu ziren atzo Euskarabenturako partaideak, Euskal Irratietako uhinetan. EUSKARABENTURA.
Urruña
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Euskarabenturan parte hartzen ari diren gazteek atseden eguna izan zuten atzo Urruñan (Lapurdi). Horren harira, eta berriz Ipar Euskal Herrira itzultzearen aitzakian, Euskal Irratien bisita izan zuten Lapurdiko herrian. Saioa osatzeko, zortzi jolas eta dinamika antolatu zituzten, gazteek eta antolakuntzak parte hartzeko.

Euskal Irratiak federazioa Ipar Euskal Herriko lau irratiz osatuta dago: Antxeta Irratia (Hendaia), Xiberoko Botza (Maule), Gure Irratia (Uztaritze) eta Irulegiko Irratia (Donibane Garazi) dira gaur egungo kideak.

Mahaiak, kableak eta mikrofonoak ongi muntatu, eta irrati laborategi txiki bat osatu zuten atzo irratiko kideek. Aurten joko berri batek animatzen du Euskal Irratietako uda: Ongi etorri lagun izeneko lagun arteko desafioak. Eta horretan aritu ziren bost jzioquitar eta bost urdin; elkarren artean lehiatu ziren saio entretenigarri batean.

Jolasak 50 minutu iraun zuen, eta partaideen ezagutza neurtzeko balio izan zuen. Euskal Herriari buruzko galderekin hasi zen dinamika, puntuazioak martxan jarriz. Musika ezagutza, kirol desafioa —flexio lehiaketa—, irrintzi txapelketa, agurra emateko bertsoa botatzea... izan ziren erronkak.

Gazteek bertako irratiak ezagutzeko baliabide ere izan zen atzo arratsaldeko dinamika. Parte hartzeak eta irratiarekin bat egiteak ilusioa piztu zuen. Entzuleek ere galderei erantzun zieten, eta proposatutako jolasean ibili ziren beren kabuz. Gero eta proiektu eta errealitate gehiago ezagutzen ari dira laranjak, eta esperientzia berriak bizitzen.

Kontrabandisten etapa

Emeki-emeki aurrera doa hilabetea jzioquitar eta urdinentzat. Uztailaren lehenengotik abian daude Euskal Herri osoan barna, eta, egunak aurrera joan ahala, gero eta gertuago daude Getxoko helmugatik. Pausoz pauso eta urratsez urrats, hasieran ortzi muga gisa ikusten zutena orain gertuago duten jomuga da.

Hilaren hemeretzian Amaiurrrera (Nafarroa) iritsi ondoren, Euskarabenturaren usadioetako bati jarraituz, urtez urte egiten den kontrabandisten etapa osatu zuten gazteek. Goizeko lauretan esnatu ziren martxan jarri ahal izateko, eta oraindik ilargiaren argipean zeudela ekin zioten ibilaldiari.

Aldapa eta malda artean hasi zuten eguna, linterna eskuan hartuta eta izerdi patsetan. Hala ere, gaueko paisaia bidelagun, zirraraz eta emozioz beterik egin zuten bidea, oinkada bakoitzarekin. Nafarroa eta Baztan atzean utziz, berriz ere Nafarroa Beherera itzuli zen espedizioa, muga mendi artetik gurutzatuz.

Gipuzkoara bidean

Aurreko mendeetan kontrabandistek material eta produktuak mugitzen zituzten leku beretatik ibili ziren laranjak, bidezidor ikusgarrietan barrena. Egunsentiaren hozkirriarekin batera gosaldu, eta martxa onean Bidarraira (Nafarroa Beherea) iritsi ziren. Bertan hitanoari buruzko dinamika bat egin zuten Ritxi Lizartzarekin, hizkera mota hori ezagutarazteko eta gazteek erabiltzeko.

Arratsaldea bertan igaro ostean, Baionarako bidea hartu zuten, eta Lapurdiko hiriburuan gaua pasatu zuten. Hurrengo goizean Urruñara bidean jarri ziren, espedizioan lehenengo aldiz itsasoarekin topo eginez. Autobusa hartu eta Miarritzen (Lapurdi) hasi zuten etapa. Donibane Lohizune (Lapurdi) zeharkatu zuten, eta, segidan, Ziburun sartu ziren. Kostako herrian bazkaldu, eta, eguraldi ona bidaide eta itsasoko haize leunaz lagundurik, Urruñara iritsi ziren arratsalde partean. Esnatzean, Euroeskualdekoen dinamika izan zuten.

Indarberrituta eta azken asteko etapa gogorrak gaindituz, Gipuzkoa dute hurrengo geltokia. Lezo, Donostia eta Zestoa izango dira espedizioko azken asteko lehen egunak osatuko dituztenak. Nekatuta baina gogoz ekingo diote gazteek datorrenari, amaiera gertu sentituz baina momentua probestuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.