Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Olentzerok euskaraz daki

2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gabonetako opor egunetan frogatu dut oraindik lelo baten moduan gera naitekeela pantaila txikiari begira denbora luzez —akaso, luzeegiz—. Gurasoek telebista dute, eta ia gauero ikusi dut Cuatroko First Dates; hori bakarrik ez, telebistarekin hitz egiten ere harrapatu dut neure burua, begien aurrean nituen aurreneko hitzordu tentelak kritikatzen. Saioa amaitu ondotik, aspaldiko partez, zapping pixka bat praktikatu dut —akaso, hori ere denbora luzeegiz—; beste telebista saio batek harrapatuko ninduen esperantzaz. Herenegun, hori egiten nenbilela, sekulako atsekabea hartu nuen.

Alde batetik, ez dut ulertzen zergatik ari diren baztertzen ETB1eko Gabonetako programazio aukera interesgarriak (Gabonetan baztertuko balute, bederen!); eta, horrekin batera, euskarazko kate publikoaren audientzia potentzial osoa. ETB1, oro har, programazio arrunta ematen ari den bitartean, ETB2n saio berezi ugari txertatu dituzte opor egunak direla eta. Hala, euskaraz ekoiztutako Gabonetako emankizun berezi ia guztiak ETB3n bildu dituzte egunotan. Besteak beste, Hego Euskal Herrian grabatutako haurrentzako musika, antzerki eta zirku emanaldiekin. Animaziozko filmak ere ikusgai daude egunero kate berean. Bestela esanda, haurrek zein gazteek ETB1en eduki berririk ikusi nahi ez balute bezala. Emankizun berezi gehiago, aldiz, ETB2n izan dira ikusgai. Gaztelaniaz, hain zuzen ere. Dancing Laguardia eta Atrápame si Puedes Gabonetako atalak, esate baterako. Azken hori ikusten ari nintzela gertatu zen atsekabea.

Bestalde, ez dut ulertzen nola den posible ETBk haurrei zuzendutako Olentzeroren iragarkia gaztelania hutsez egitea. Hasi ninteke salatzen Patxi Alonsoren saioan erabilitako erreferentzia sozialek, geografikoek eta kulturalek lotura eskasa zutela euskal imajinario kolektiboarekin; baina iraingarriagoa iruditzen zait funtzio publikoa duen telebistak haurren espazioak erabiltzea euskarak berezko dituen arnasgune txikiak gehiago murrizteko. Olentzero existitzen ez dela aspaldi jakin nuen, baina, arren ETB, ez ezabatu nire iruditeriatik Olentzerorekin euskaraz hitz egiten nuen garaia. Iragarki horrekin egiten ari zaren gauza bakarra da haurrei zein hurrengo belaunaldiei helaraztea euskarak ez duela ezertarako balio! Urte Berri On denoi, bide batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.