Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Judd Trump

2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ez da Donald TrumpAEBetako presidentearen anaia, ezta haren senidea ere. Judd Trump munduko bigarren snooker (billarraren modalitatea) jokalaririk onena da. Astelehenetik, baita Munduko Txapelketaren irabazle berria ere. Bristolen (Erresuma Batua) jaio zen Trump, duela 29 urte. «Ez dago hura bezalakorik», adierazi du John Higgins finaleko aurkariak, Trumpen talentuaz galdetuta. Jokalari gaztearen garaipen ikusgarria ikusita, BBCk «agintaldi berria» iragarri du snooker-ean. Eta Erresuma Batuko printzearen semea astelehenean jaio ez balitz, atzoko egunkarien azalak beteko zituen Trumpek. Zer pena.

Lortutako arrakasta txapela kentzeko modukoa da. Munduko Txapelketa irabazten duen 30 urtetik beherako bigarren jokalaria da. Gainera, asteleheneko txapelketa eskuratuta, denboraldi bakarrean milioi bat libera baino gehiago biltzen duen historiako lehen jokalaria da; izan ere, Triple Crown, Erresuma Batuko Txapelketa eta Munduko Txapelketa irabazi ditu aurten. Zer egin asmo du Trumpek irabaziekin? «Ez dakit, baina bankuko kontuan ikusten dudanean, uste dut zoro jokatuko dudala», erantzun zien BBC Twoko mikrofonoei.

Aurreko zutabeetan aipatu bezala, gutxitan ikusten dut telebista saiorik zuzenean. Iaz ezagutu nuen snooker-a eta hasieratik harrapatu ninduen. Aurten, ahal izan dudanean, zuzenean jarraitu dut Munduko Txapelketa BBCko iPlayerrean. Telebista publikoak urtero emititzen du lehiaketa Sheffieldeko (Erresuma Batua) The Crucible antzokitik bertatik, snooker-ak ospe handia baitu herrialdean. Pot Black telebista saioa (1969-2007) izan zen kirol horren arrakastaren arrazoia. Erresuma Batuko snooker txapelketen gaineko saila, hain zuzen ere. BBC 1967an hasi zen koloretan emititzen; teknologia hori ustiatzeko programen bila ari zela, David Attenborough kazetariari bururatu zitzaion ideia. Profesional gutxik jokatzen zuten kirola zen, eta ezagunenetako bat da orain snooker-a, BBCri esker. 1985eko Munduko Txapelketaren finala, esaterako, 18 milioi lagunek jarraitu zuten Erresuma Batuan. 2016ko finala, aldiz, 300 milioik ikusi zuten munduan. Horietatik 240k, Txinan. Esango nuke gero eta profesional txinatar gehiago daudela. Beraz, pentsatu une batez zenbateko audientzia potentziala izango zuen Trumpen finalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.