Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Lou-Lou, hiru aldiz errebelde

2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Lourdes Iriondoren heriotzaren 15. urteurrena ekarri zuen gogora joan den larunbatean ETB1ek Oholtzan saioan, Andoaingo Bastero kulturgunean hura omentzeko ikusi zen emanaldia eskainiz, Ez gaude konforme, Lourdes Iriondo eta hamaika lore ikuskizunarena.

Agurtzane Intxaurragak zuzenduta eta Alaia Martinek aurkeztuta, Olatz Salvador, Paule Bilbao eta Josune Arakistain kantariak aritu ziren, Antton Valverde kantari eta pianistarekin, Idoia Hernandez eta Ana Belen Garcia pianistekin, Noemi Viana, Myriam Perez Cazabon, Oihana Vesga eta Oinkari dantza taldeko dantzariekin, Bihotx Txalapartariak taldearekin eta Easo abesbatzarekin batera. Iriondoren kantuetako batzuk eta haren bizitzako zertzeladak ezagutzeko aukera eskaini zuen saioak Lou-Lou deitzen ziotela jakin genuen, esaterako, lorez ondo hornitutako eszenaratze batez.

Emanaldiaren eranskin gisa, Iriondori eta euskal emakume musikarien pozei eta penei buruzko hainbat iritzi ere eskain zituen saioak: Maria Angeles Iriondo, Josune Ariztondo, Idurre Eskisabel, Toti Martinez de Lezea, Arantxa Lete, Aizpea Goenaga, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga mintzatu ziren, multzo batean; Ane Bastida, Sara Zozaya, Estitxu Pinatxo, Maider Zabalegi, Maren, Maria Rivero eta Lide Hernando musikariak, beste batean.

Ondorio nagusi moduan honako hauek nabarmendu daitezke iritzi bilketa horretatik: Lourdes Iriondoren lanak ez du merezi zuen aitortza jaso, eta ahaztuegia dago Ez dok Amairuren sorreran izan zuen eragina eta indarra; meritu handiko lan eraginkorra egin zuen horretarako zailtasun handiak zeuden garaian emakume musikariei plazarako bidea zabaltzeko; gaur egun, egoera askoz hobea da, baina oraindik ere euskal emakume musikaria izatea «hiru aldiz errebeldea» izatea da, Maria Riverok esan zuen moduan.

Omenaldi moduan bete zuen bere zeregina ETB1en saioak, baina amaitu eta gero osagarri baten falta sumatu zezakeen akaso ikusleak, Iriondoren lanean eta eraginean gehiago sakonduko lukeen dokumental batena agian. Pentsatzen hasita, film edo telesail eder bat ere egin ahal izango litzateke amodio istorio eta guzti Lourdes ardatz harturik Ez dok Amairuren sorrera eta hasierako kantaldietako giroa eta gorabeherak berrituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.