Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Albiste-aurkezlea etxerako bidean

2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun

Beti pentsatu izan dut telebista kate bateko albistegia aurkeztu ondoren, mundu osoko berririk garrantzitsuenak taxuz laburbilduta eta irudiz oparo lagunduta eman eta gero, txukun banatuta eta ordenatuta dena, zuzen eta modu ulergarrian azalduta, esaldi bakoitza, hasi eta buka, ondo taxututa, esaldi baten eta hurrengoaren arteko bereizketa argia eginez, are argiagoa albisteen artekoa eta ezin argiagoa, jakina, sailen artekoa, egunak emandakoa itxita eta betiko gordeta utziz, biribil-biribil, beti pentsatu izan dut, ari nintzen esaten, telebista kate bateko albistegia aurkeztu ondoren, sintesirako ahalegin erraldoi horren azken katebegia, ez beharbada erabakigarriena baina bai ikusgarriena, benetako ikurra, izan ondoren, arraro eta arrotz sentitu behar duela aurkezleak, paperak jaso, aulkitik altxatu, arropa aldatu eta etxerako bidea hartzen duenean, munduko bazter txiki, ezkutu eta anonimo batera joateko, etxekoen ondora edo etxeko bakardadera, bizitza arrunt baten egunerokotasun prosaikora.

Jende ugariren aurrean mundua eta munduaren gorabehera nagusiak ulertu, sintetizatu eta azaltzeko gauza izan den pertsona hautu eta pribilegiatua izatetik, berak deskribatu berri duen mundu gainpopulatuko bat gehiago izatera igarotzea dagokio orain, lasaitasuna eta bakea eragozten dioten eguneroko arazoekin borrokatzea, arazo txiki baina temati eta petralak, hain ziztrinak, hain miserableak kameraren aurrean hitz eginez herrialde osoko pantailetan azaldu dituenekin alderatuz gero, non lotsa ere emango liokeen duela gutxi albistegiak halako orekaz eta ziurtasunez ematen ikusi dutenek horien berri jakiteak.

Telebistan ikusten nuen albistegi-aurkezlea 40 milioi ikuslerentzat aritzen zen garaitik datorkit albiste-aurkezlearen une horri buruzko lilura moduko hau. Gaur egun, kate eta albistegi ugari izanik, ez du halako itzalik albistegi-aurkezlearen pantailako agerpen beti txukun, ordenatu eta, neurri batean behintzat, solemneak. Baina oraindik ere karga sinboliko eta poetiko handiko unea da edozein telebistatako albistegi-aurkezleak, lana amaiturik, mundua ordenatuta eta biharamunerako prest utzi balu bezala, paperak jaso, aulkitik altxatu, arropa aldatu eta etxerako bidea hartzen duenekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.