Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Osasun pixka bat besterik ez gara

2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Osasun pixka bat besterik ez gara. Osasun pixka bat gorputz aldakor eta galkor batean. Hortik aparte, guk dakigula behintzat, ezer ez. Gero ahaztu egingo zaigu akaso, baina denoi iristen zaigu tarteka horretaz gogoratu eta gogoetatu beharra.

COVID-19aren pandemiak lehen planora ekarri du osasungintza deritzon hori, txalo eta guzti hasieran, duela urtebete, eta horren isla izan da, beste askoren artean, ETB1eko Ur handitan saioaren astearteko erreportajea, osasun arloko profesionalen iritzia jasotzeari eskainia, pandemiaren aurkako «lehen lerroa» deritzon horretan aritzen direnena: mediku, erizain, erizain laguntzaile, ospitaleko garbitzaile, farmazialari...

Pandemiari buruzko «bertsio ofiziala» dei genezakeena indartu zuten lekukotasun guztiek, baina kasu honetan ez ninduen asaldatu iritzi guztien aho-batekotasunak, bat natorrelako saioko une batean Miriam Prietok, zahar-etxe bateko erizain laguntzaileak, dioenarekin: «Konponbidea nahi badugu, txertoa jarri beharra daukagu. Batzuek jartzen badugu eta beste batzuek ez... Ez dute bizi guk bizi izan duguna. Bestela, jarriko zuten, seguru. Jakingo balute zer pasatu dugun egoitzetan, seguru ez zutela dudarik izango eta txertoa jarriko zutela». Izango da iritzi horrekin bat ez datorren profesionalik ere osasungintzan, baina susmoa dut oso gutxi direla.

Ez dakigu noiz eta nola amaituko den COVID-19aren amesgaiztoa, ez dakigu nolakoa izango den bizimodua orduan, baina osasun arloko azpiegituren eta zerbitzuen garrantziaz jabetzeko balio beharko liguke orain bizitzen ari garenak. Ahaztu gabe, hori bai, osasuna zaintzeko lehen pausoa, oinarrizkoa hori ere, prebentzioa dela, Iñaki Petxarromanek berripaper honetan oraindik orain gogorarazi digun bezala. Zientzialariek diotenez, birus ugari bizi dira basanimalietan, eta litekeena da, haietatik gizakiengana pasatuta, pandemia gehiago sortzea aurrerantzean. «Mundua, baina, AstraZeneca, Pfizer, Moderna eta Johnson & Johnsoni begira dago», dio Petxarromanek. Saguzarrak bakean uztea ekarriko lukeen txertoa gehiegi eskatzea da, nonbait».

Akaso txertoek, beren gorabehera guztiekin ere, onik aterako gaituzte ataka honetatik, baina zentzuzkoa litzateke erremediogintzarekin batera prebentzioa ere txalotu eta indartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.