Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Arabiar andreak aurrerabideetan

2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Duela hamar urte inguru Arabiar Udaberriko matxinadak bizi izan zituzten Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako herrialdeetara bidaiatu eta han, nor bere arloan, eragile eta aktibista diren hainbat emakumeren bizipenak eta iritziak ezagutzeko aukera ematen du, 11 eta 14 minutu arteko bost atal trinkotan, Nadja Frenzen Revoltées. Les femmes du printemps arabe (Matxinatuak. Arabiar Udaberriko emakumeak) dokusailak (2020). Arte kanalean dago ikusgai joan den asteaz geroztik.

Ikuslea Maroko, Aljeria, Tunisia, Egipto, Libano eta Jordaniara darama Frenzen lanak, eta herrialde horietan ezagutzen dituen emakumeen ikuspegia ez da inondik ere aurretik pentsa zitekeen bezain etsigarria, 2010 eta 2011ko matxinadek erabateko iraultzarik ekarri ez bazuten ere, emakumeek beren eskubideen eta ahalduntzearen aldeko urrats handiak egin baitituzte, oro har, eta harrezkero gelditu ez den bide horretan aurrera egiten jarraitzen dute. Hori da behintzat dokumentala ikusi ondoren atera daitekeen ondorioetako bat.

Politikagintzan aritzen diren emakumeak dira protagonista lehen atalean, artistak bigarrengoan, ekintzaileak hirugarrengoan, eta horiek minutu batzuetan hizketan entzute hutsak aurreiritzi asko gainditzen lagundu dezake. Zailtasun askori egin behar izan diete aurre guztiek, baina inguru hauetan zeregin horietan aritzen diren emakumeek izaten dituztenen antzekoak.

Laugarren atalak erlijioa du aztergai, islama bereziki, eta erlijioaren aurka dauden emakumeak ageri dira, baina baita feminismoak erlijioari zertan uko eginik ez duela irizten diotenak ere, bakoitza bere arrazoien jabe. Europan islamari buruzko iritzi okerrak oso zabalduta daudela adierazten dute protagonistetako batzuek atal horretan.

Bosgarren eta azken atalak gorputza du gai nagusi eta ardatz, eta, horri lotuta, gure artean ere gainditu gabe dauden tabuak daude aztergai. Gizarte osasuntsu batean emakumeek zein gizonek bere gorputzen jabe izan behar dutela dio, atalaren amaieran, Joumana Haddad kazetari eta idazle libanoarrak, eta hori esan aurretik egiten dituen adierazpenek argi uzten dute Mendebaldeko gizarte ustez aurreratuagoak ere ez daudela azken helburu horretatik Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako herrialdeak baino askoz gertuago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.