Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Piztu metatelebista

2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Dena da meta honezkero. Metaliteratura, metazinema... eta nola ez, baita metatelebista ere. Hain premiazkoa omen den berritasunerako bidea metatasunean —batere berria ez bada ere— aurkitu dugu antza. Lehen zantzua, batetik, debateen ugaltzea da. Dagoeneko ez da reality bakar bat geratzen bere saio osteko eztabaidarik gabe. Pentsa: zenbait katetan, denbora gehiago eskaintzen zaio atal bakoitza iruzkintzeko mahai-inguruari, atalari berari baino. Bigarren zantzua, aldiz, Youtube edo Twitch-en aurki daiteke: bilatu «reaction to» edo gisako edozer. Ikus-entzunezko bat —izan filma, kirol-partida, bideo-laburra— ikusteak eragiten dituen erreakzioak jasotzen dituzten zientoka bideo daude. Haietako askok, milaka ikusle pilatu dituzte. Baina adibideetan nabarmenena ETB1ek aurten egin duen saiakera da, Piztu telebista izena jarri diona. Erresuma Batuan arrakasta izan omen duen Gogglebox saioa du oinarri, eta funtsean, Euskal Herriko hamar bat «etxebizitza unitatek» —edozein klasetako pisukideek, alegia— telebistan zer eta nola ikusten duten erakusten du.

Uste baino gehiago harrapatu nau jolasak. Bi motibo —edo aitzakia— aurkitu dizkiot nire atseginari: lehena, castinga. Zaila behar zuen inor halako zerbaitetarako limurtzeak, eta hala ere, multzo ezin aproposagoa osatu dute. Aniztasuna du ikuspegi gehienetatik begiratuta, baina hori bakarrik ez: interesa, errukia, enpatia... pizten duten ikusleak aurkitu dituzte, natural samar jokatzen dutenak baita parean bizpahiru kamera izanda ere. Zaila da zu zeu —edo zure etxekoak— haietako batzuetan ordezkatuta ez ikustea.

Bigarrena etxe horietako kideek ikusten dituzten saioen hautaketa da. Den-denetan ez du hain ondo ematen, baina Zurekin bat lehiaketarekin gurutzatuta, esaterako, oso entretenigarria da emaitza. «Zenbateko edukiera du sagardo botila batek?». Jatorrizko saioan lehiakide bakar bati zegokion galdera, dozena bat lagunentzako jolasa bihurtzen da Piztu telebista saiora eramanda. Batzuk elkarren artean eztabaidan, bestetzuk Wikipedian erantzunaren bila, bakarren bat, hanka barruraino sartzen lehiakidearen hautua zalantzan ipinita. Ez da ETBko saio izarra izango, baina erakusten digu zerbait: telebista (ere), puskaz atseginagoa da taldean ikusten bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.