Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Mari Domingiri gutuna

2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Umea nintzenean, asko gustatzen zitzaidan Olentzerori eta Errege Magoei gutuna idaztea. Nire nahiak adierazteko unea zen; garai hartan, desio materialak ziren, eta ez nuen hausnarketa handirik egiten. Gaur egun, Olentzerorekin batera Mari Domingi dugu, baina 1990eko hamarkadan gutxi ezagutzen zen. Askotan galdetu diot neure buruari haren presentzia feminismoaren garaipen bat al den. Batzuetan, heteropatriarkatuaren inposizio bat dela pentsatzen dut. Olentzerori andre bat jarri behar zitzaion ondoan, mutil zaharra izatea gaizki ikusia dagoelako.

Hala ere, Mari Domingiri idatziko diot Eguberrietako nire gutuna. Lehen aldia denez, publiko egin nahi dut. Gutun honentzat nire nahiak gehiago pentsatu ditut, eta hurrengo urterako telebistan eta plataformetan zer ikusi nahi dudan eskatu nahi diot.

Urte honetan emakumeen presentzia ez da asko handitu ikusi ditugun telesailetan. Urteko telesail onenen zerrendetan emakumeak protagonista diren telesail gutxi ikusiko ditugu berriro ere; besteak beste, Mare of Easttown eta Cardo. Horregatik, fikzio horien atzean emakume gehiago nahi ditut zuzentzen, gidoiak idazten eta protagonista izaten.

ODA erakundearen txostenean, agerian geratu zen LGTBIQ+ kolektiboaren errepresentazioa oso murritza dela fikzioan. Telesailetan LGTBIQ+ kolektiboko pertsonaia gehiago eskatu nahi ditut, baina kolektiboa ondo errepresentatzeko pertsonaia duinak behar dira. Horregatik, LGTBIQ+ kolektiboa ondo errepresentatzeko zuzendari, gidoilari eta aktoreak ere kolektibo berekoak izatea eskatu nahi dut.

Telesailen kritikak idazten ditugunen artean ere, emakume oso gutxi gaude. Aurreko astean, Movistar Pluseko Ver-mĂș saioaren amaiera jakinarazi zuten. Nabarmentzekoa da saio horretako kazetari guztiak emakumeak direla, eta hurrengo urtean haien iritziak ez ditugu telebistan jasoko. Gutunaren bitartez emakume kritikagile gehiago eskatu nahi ditut. Gure testuek eta ahotsek emakume gehiagoren lanak nabarmentzeko balio dutelako.

Eta plataformetan euskarak presentzia handiagoa izatea eskatu nahi dut. Azken urteetan Filmin da horretan lan egin duen bakanenetakoa, eta horregatik Pantailak Euskaraz-en manifestuaren eskaerak betetzeko eskatu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.